Iristear daude Amute-Kostako jaiak
Prestaketa lanekin bukatzeko azken zertzeladak ematen ari dira bizilagunak; asteburu honetan zehar ospatuko dituzte 2019. urteko festak.
2019. urteko jaiak prestatzen ari dira, etenik gabe lanean, Amute-Kostako bizilagunak. Oraingoan, larunbatean egingo duten auzotarren bazkarirako eta postre lehiaketarako deialdia luzatu dute; baita, iganderako antolatu duten hitzaldian eta bisita gidatuan parte hartzeko eskatu ere.
Urriaren 5ean, larunbatarekin, egingo du auzo elkarteak herri bazkaria. Menu ezin hobea aurreikusi dute horretarako: entremesak, salda, paella, makarroiak txikientzat, postrea, kafea, kopa, xanpaina… Postrea gainera, ez da nolanahikoa izango, lehiaketa antolatu baitute egun horretarako. Beraz, lekutxo bat gordez gero, postre dastaketa egin ahal izango dute parte hartzaileek. Hori guztiaz gain, photocall-a , musika, dantza, sari banaketa eta beste hainbat jarduera egingo dituzte egunean zehar.
Bazkarira joan nahi duten lagunek gaur eta bihar artean eman beharko dute izena, auzo elkartearen egoitzan bertan, 18:00etatik 20:00ak arte. Jakinarazi dutenaren arabera, 220 txartel jarri dituzte denera salgai, 9 euroan helduenak eta 4 euroan haurrenak.
Igandean bestalde, Jose Angel Etxeberriak hitzaldia emango du komentuan. Urriaren 4ean egiten den San Frantzisko eguna aitzakiatzat hartuko du Etxeberriak solasaldirako, eta horren ondoren, ia 500 urteko historia duen komentua barrutik ikusteko aukera izango dute parte hartzaileak. 10:30ean ekingo diote igandean hizketaldiari.