Errealitate eta testuinguru askotako emakumeak bilduko dira Palmera Monteron
'Feminismo baserritar eta herrikoia, finantza etikoak eta ekonomia feminista' izeneko mahai ingurua egingo dute urriaren 9an.
Datorren asterako eztabaida berezia antolatu dute Irunen Mundubat Fundazioak, Elkarcredit Elkartasuneko Elkarteak, Finantzaz Haratago sareak eta Bidasoaldeko Elkarte Feministak. Feminismo baserritar eta herrikoia, finantza etikoak eta ekonomia feminista izeneko mahai ingurua egingo dute urriaren 9an (asteazkena da) Palmera Monteron, 18:30tatik aurrera. Bi orduko iraupena izango du.
“Errealitate eta testuinguru anitzetako emakumeak eseriko dira mahaiaren inguruan gaur egungo sistema kapitalista patriarkalaren aurrean bultzatzen dituzten alternatiben berri emateko”, diote antolatzaileek. Hala, Nikaragua eta El Salvadorreko elkarte eta kooperatibetako kideek hartuko dute parte asteazkenekoan. Euskal Herriko ordezkariek berriz, finantza etiko eta alternatiboen inguruko esperientziak elkarbanatuko dituzte.
Gaiak lantzeko Irati Cifuentes Axpe eta bestelako ekonomialariak izango dira. Harekin batera, eztabaida mahaian, ondorengo adituek hartuko dute parte:
- Josefina Roco Sanfilippo, Mundubateko Ekonomia Feminista alorreko kidea.
- Ana Belen Juaristi Urdangarin, Fiareko boluntarioa eta Gipuzkoako Ingurumen eta Gizarte Ebaluazio Taldeko koordinatzailea.
- Marlen Haydee Sanchez Calero, Nikaraguako Landa-eremuko Langileen Elkarteko kidea.
- Lola del Carmen Esquivel Gonzalez, Gloria Quintanilla Kooperatibako kidea.
- Ana Maria Quinteros Calles, El Salvadorreko Nekazari eta Abeltzainen Elkarte Nazionaleko kidea.