Ander Elosegi, munduko txapeldunorde
Taldekako bigarren postuarekin batera, zilarrezko bi domina eskuratu ditu Munduko Txapelketan.
Ander Elosegi irundarrak banakakoan ere primeran aritzen dela erakutsi du Munduko Slalom Piraguismo Txapelketan. Izan ere, bigarren zilarrezko domina irabazi zuen larunbatean (hilak 28), Seu D´Urgellen, C1 kategorian. Urte luzez podiumera igo gabe geratu ostean, aurtengoan lortu du irundarrak. Taldekako bigarren postuarekin batera, zilarrezko bi domina eskuratu ditu.
Cedric Joly frantziarraren atzetik sailkatzea lortu zuen Elosegik (51 ehunenekoengatik gainditu zuen) . BERRIAri egindako adierazpenen arabera, oso pozik dago piraguista: “Oso pozik nago: taldekakoan zilarrezko domina irabazita ekin nion lehiari, eta banakakoan zilarrezkoa eskuratuta amaitu dut leia. Ezin dut gehiago eskatu, egun perfektua izan da”.
Finalera iritsita, Tokioko Olinpiar Jokoetarako postu bat ziurtatu du irundarrak. Hortaz, laugarrenez hartuko du parte joko hauetan.
Hirugarren eta bosgarren
Igandean aldiz, Santiagotarrakeko Klara Olazabal eta Joan Cresporen unea heldu zen. Crespok eskuratu du emaitza onena: finalaurrekoan zazpigarren sailkatu arren, hirugarren postua eskuratu du, eta hortaz, brontzezko domina. Olazabalek berriz, C1ean bosgarren postua eskuratu du, finalaurrekoan bederatzigarren postuan sailkatu ostean.