Zaldunbordako proiektua gelditzea exijitu du Elkarrekin Podemos-ek
Ostiraleko ohiko bilkuran eztabaidatzeko lau mozio aurkeztu berri ditu koalizioak.
Elkarrekin Podemos Ezker Anitza Irungo taldeak lau mozio aurkeztu berri ditu udalean. Datorren ostiraleko (hilak 27) ohiko bilkuran eztabaidatuko dituzte.
Mozio nagusia Zalndunbordako outlet erraldoiaren ingurukoa da. Izan ere, Hondarribiko Udalari Zaldunbordako proiektua berehala gelditzea exijitu diote. “Merkatariek ohartarazi duten bezala, enpleguen suntsipena bikoiztu egingo da eta Jaizkibel mendirako ondorio ekologiko hondatzaileak ekarriko ditu proiektuak”, adierazi du David Soto bozeramaileak.
Era berean, hiriko udaltzaingoaren beharrak zehazteko ikerketa lan bat egitea ere proposatu du koalizio moreak, egun hutsik dauden 11 plaza horiek betetzeko asmoz. Gainera, auzotasun txartela bat sortzeko apustua egin nahi dute; migratzaileen integrazioa eta partaidetza bultzatu nahi dute neurri honekin. Laugarren eta azken mozioan memoria historikoaren inguruko bulego bat sortzea jaso dute, 36ko Gerran eta Frankismoko biktimen testigantzak jasotzeko asmoz.