Lengualerta bakarlariak irekiko du Psilocybenea aretoko denboraldi berria
Reggae, ragga eta dub doinuak entzungai izango dira ostiralean Mendeluko Psilocybe aretoan; larunbatean, MobyDick bakarlari euskaldunak emanaldia eskainiko du.
Hitzordu bikoitzarekin hasiera emango dio Psilocybenea aretoak 2019-2020 musika denboraldiari asteburu honetan. Ostiralean, Lengualerta, Mountain Sound, Selektah Stepi eta Sakos Selektah ariko dira oholtza gainean; larunbatean ordea, MobyDick bakarlari euskaldunaren emanaldia antolatu dute arratsalderako.
Outta Mexico City Europa Tour 2019 izenpeko biraren barruan kokatuta dago Lengualerta mexikarraren kontzertua. Ez da Euskal Herrira hurbiltzen den lehen aldia, Bad Sound taldearekin kolaboratu izan baitu aurretik, Glaukoma taldeko Juantxorekin eta Esne Beltzako Pinirekin batera. Fermin Muguruzaren Black is beltza ikus-entzunezkoan ere parte hartu zuen Aurora kantarekin. Orain arte, Hendaian, Donostian, Bilbon… aritu da taula gainean.
Hip-hop, reggae, ragga eta dub doinuak lantzen ditu amerikarrak kontzientziak astintzeko moduko erritmoak eskainiz. Hilaren 27tik 30era bitartean egongo da Euskal Herrian. Hala, ostiralean emango du kontzertua, 22:00etan abiatuta. Sarrerak 8 euroan salgai daude.
Larunbatean, gehiago
Hondarribiko Udal Liburutegiak antolatutako Moby Dick zikloaren baitan MobyDick bakarlari getxotarra (Bizkaia) ariko da oholtza gainean larunbatean. Folk akustiko doinuak taularatzen ditu Eneko Burzako (MobyDick) abeslariak, ingelesezko letrekin lagunduta batez ere.
Nun, Bizhil, Zast!, Tribute to QOTSA… taldetan ibili ondoren, 2008. urtean proiektu honi ekitea erabaki zuen bizkaitarrak. Hainbat lan grabatu ditu geroztik, tartean, Cotard Delusion haren lehen diskoa, 2013ko maiatzean argitara eman zuena. Ibilbide horretan Anari, Ainara Legardon, Maika Makovski, Damien Jurado, Mursego, Zea Mays eta beste hainbat musikariekin kolaboratu du Burzakok.
Larunbatean izango da getxotarraren musika emanaldia, 19:30ean hasita, Psilocybe aretoan. Sartzea debalde izango dela jakinarazi dute.