Irundarren domina festa Munduko Txapelketan
Joan Crespok urrezkoa eta Klara Olazabal eta Ander Elosegik zilarrezko domina bana eskuratu berri dute.
Fin hasi dute Joan Crespo, Ander Elosegi eta Klara Olazabal irundarrek Seu D´Urgelleko Munduko Slalom Piraguismo Txapelketa. Urrezko bat eta zilarrezko bi domina ekarriko dituzte hirira.
Crespo izan da podiumeko lehen postura igo den irundar bakarra. K1ean eskuratu du urrezko domina. Bestalde, lehen proban, gizonezkoen C1 patruilen finaletan zehazki, bigarren sailkatu da Elosegiren taldea, zilarrezko domina eskuratuz (Eslovakiak eskuratu du lehen postua, 3 segundo 5 ehunenekoen abantailarekin). Miquel Trave kataluniarra eta Luis Fernandez galiziarrarekin batera lehiatu da.
Gauza berbera egin du Olazabalek emakumeetan, C1eko patruila lehian ere. Nuria Vilarrubla eta Ainhoa Lameiro izan ditu bidelagun taldean, eta bigarren izan dira Australiako taldetik hiru segundo eta 75 ehunenekora geldituz.
Gaurtik aurrera, bakarkako lehia hasiko dute irundarrek, sailkapen probekin. Gaur Ander Elosegiren txanda izango da C1 gizonezkoetan eta bihar Olazabalek (C1) eta Crespok (K1) sailkatzeko borroka bizia izango dute. Elosegik sailkapena eskuratuko balu, larunbatean ekingo lioke finalerdiari. Hortaz, lehenengo hamargarrenen artean sailkatuz gero, egun berean finala jokatuko luke. Olazabalek eta Crespok aldiz, sailkapena gaindituko balute, igandean finalerdietan parte hartuko lukete.