11 eta 14 urte arteko gaztetxoentzako antzerki tailerrean izena eman daiteke
«Emozioak adierazteko eta tentsioak askatzeko» gunea sortzea da helburua; urriaren 3tik maiatzaren 28ra bitartean ostegunero izango dira eskolak.

Izen-emate epea zabaldu dute
Antzerki tailerrean izena eman daitekeela dagoeneko jakitera eman du gaur Hondarribiko Udaleko Gazteria Departamentuko Maria Serrano zinegotziak. Datorren urriaren 1era arte zabalik egongo da epea, eta urriaren 3tik maiatzaren 28ra luzatuko dira eskolak.11 eta 14 urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago jarduera.
Antzerkia hurbildu nahi die era honetan udalak gaztetxoei, «emozioak adierazteko eta tentsioak askatzeko» gune bat sortuz. Are gehiago, «irudimena eta sormena» garatzen eta gorputzaren gaineko «kontzientzia» lantzen lagungarria izan nahi du proiektuak.
Mikel Sarriegi hondarribiarrak gidatuko du tailerra, eta euskaraz izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Hamabi lagunentzako lekua aurreikusita dago denera. Izena BAZ bulegoan eman daiteke.