Irungo Udala jada bigarren Euskaraldia berotzen hasi da
2020ko azaroan izan arren, dagoeneko prestakuntza lanetan hasi dira. Euskaraldia berotzen hasteko, hitzaldi berezia antolatu dute urriaren 10erako.
Irungo Udaleko Euskara saila dagoeneko datorren urteko Euskaraldiari begira jarri da. 2020. urteko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte izan arren, aurtengoan egitasmoari lotutako ekitaldiak aurreratu nahi izan dituzte.
“Formatuak antzeko norabideari jarraituko dio, ahobizi eta belarriprest-ekin, baina, oraingoan, hiri bakoitzeko entitateek protagonismo handiagoa izango dute”, dio euskara saileko ordezkari Monica Martinezek. Hala, egitasmoa aurrera eramateko gune eta taldeak sortuko dituzte hauek.
Berritasunak
Bigarren edizioan, lehenengoz, argiguneak izango direla jakinarazi dute gaurko agerraldian. Izan ere, hiriko entitateek partaideak elkartzeko sortuko dituzten gune edo taldeak izango dira argigune horiek, hau da, euskaraz lasai egiteko topaguneak. Dendek, enpresek, elkarteek, klubek… Denek izango dute aukera argigune horiek sortzeko. Bi argigune mota egongo dira:
- Entitate bakoitzeko kideek osatutako barne argiguneak (adibidez, enpresa bateko langileak).
- Barruko zein antolakundetik kanpoko pertsonek osatutako kanpo argiguneak.
Lehenengo edizioan bezala, 16 urtetik gorako irundarrek iaz bezalaxe parte hartzeko aukera izango dute, aipatutako bi rol horietan. Iaz bezala, ahobizi zein belarriprest-ek txapa bana eramango dute soinean, aukeratutako rol-a identifikatzeko asmoz.
Era berean, giroa berotzen hasteko, Euskara sailak saio interesgarria antolatu du datorren urriaren 10erako, iazko formula berbera errepikatuko du udalak. 18:30tatik aurrera, Palmera Monteron, Kike Amonarriz soziolinguista eta aurkezle ezagunak hitzaldi bat eskainiko du.