Irugurutzeta gertutik ezagutzeko erakusketa, Oiasson
Bihartik urriaren 20ra bitarte, meatze eremua ezagutzeko 26 panel erakusgai izango dira.
Bihartik (hilak 24) urriaren 20era bitarte, erakusketa berezi bat ikusteko aukera izango da Oiasso museoan. Izan ere, Irugurutzeta eta haren iragana gertuagotik ezagutzeko aukera emango du Pirineotako Burdinaren Bidea erakusketa ibiltariak. Udalaren, Bidasoa Bizirik-en eta Oiasso Erromatar Museoaren elkarlanaren emaitza da.
“Irugurutzeta balioan jartzen eta sustatzen lagunduko du erakusketak; izan ere, hor, minerala kaltzinatzeko Euskadiko batera garrantzitsuenetako bat daukagu, eta baita antzinaroan irekitako galeriak ere”, adierazi du Kultura saileko ordezkari Juncal Eizaguirrek. Hala, meatzeak, sutegiak, burdinolak, museo espezializatuak edota ibilbideak gertutik ezagutzeko aukera izango da. Orotara, 26 panel jarri dituzte erakusketan. Guztiekin, burdinak Pirinio aldean mendeetan zehar izan duen garrantziaz ohartuko dira bisitariak. Erakusketa, museoaren ordutegian bisita daiteke.
Era berean, tren berdea erabilita Irugurutzeta ezagutzeko aukera ere eskainiko dute. Aurretik erreserbatu beharko da. Ordutegia, ondorengoa: igandetan 11:00etan (helduek 5,50 euro, eta 14 urtera bitartekoentzat 3,85 euro).