Gezurretan aritzea leporatu die udal gobernuak oposizioko taldeei
Zaldunbordako proiektuaren Plan Partzialari hasiera besterik ez diola eman dio tokiko gobernuak, eta enpresa pribatu baten interesen aldeko maniobra izatea ukatu du.
Zaldunborda Gaina eremuan zabaldu nahi duten outlet herrixka erraldoiaren proiektuaren inguruan sortutako akusazioen aurrean, bere burua defendatu du gaur Hondarribiko Udal Gobernuak komunikabideetara bidalitako oharrean. Gezurretan aritzea leporatu die oposizioko taldeei, eta enpresa pribatu batekin «lotutako edo menpe dauden interesen aldeko jarduketa administratiboa» ezeztatu du.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) finkatutako zehaztapenen arabera, merkataritza jarduera berri bat martxan jarri nahi duen enpresak Plan Partzial bat aurkeztu behar du. Izapide eta baldintza guztiak bete behar ditu plan horrek, baita «jendaurrean informazioa» eman ere, «eta hori egin eta gero, dagokionean, behin betiko onarpena edo ezeztapena jaso ahal izango du».
Hori horrela, «aipatutako izapidetze administratiboa» martxan jarri ahal izateko xedearekin, Plan Partzialaren «hasierako onarpena» soilik eman diola esan du tokiko gobernuak.
Herriko komertzioei laguntza
Emandako azalpenenen arabera, Zaldunborda Gaina eremuan jarduera ekonomiko ezberdinak ezarri ahal izateko xedapenak zehaztu zituztenean, «aldeko eta aurkako» arrazoiak aztertu zituztela baieztatu du tokiko gobernuak. Eta ildo horretan, gaur egun «hurbileko merkataritzak» bizi duen egoeraren berri duela ziurtatu du.
Hori horrela, proiektua izapidetze prozesuaren hasieran eta guztiz erabakita egon ez arren, herriko merkataritzari laguntza emateko eta jarduera berriak martxan jartzeko asmoa agertu du tokiko gobernuak.
Bukatzeko, Zaldunbordako proiektua Hondarribiko jarduera ekonomikorako «oso garrantzitsua» izango dela iritzi dio EAJren udal gobernuak, herrian eta eskualdean lanpostu berriak sortzeko «funtsezkoa» eta lurren kutsaduraren arazoa konpontzeko «nahitaezkoa».