Kale Nagusiak Everest mendiaren altuera hartuko du etzi
Bidasoako Txirrindulari Eskolarako diru bilketa egiteko helburuarekin, Everest mendiaren pareko altuera eta desnibela lortu arte 400 aldiz igoko du Kale Nagusia Nestor Aranak.
Nestor Arana txirrindulariak Hondarribiko Kale Nagusia 400 aldiz igoko du igandean, Paveresting izeneko erronkan. Denera, 8.848 metro egingo ditu; Everest mendiaren pareko distantzia eta desnibela, hain zuzen. Bidasoako Txirrindulari Eskolaren aldeko diru bilketa egitea da helburua. Etzi, 00:00etan, gauerdiarekin batera ekingo dio Aranak erronkari, eta atsedenik gabe, arratsalderako amaitzea aurreikusi dute.
Mendi muino bat bizikletan igotzean datza Everesting erronka, Everest mendiaren altuera berbera lortu arte adina aldiz eta etenik gabe. Oraingoan lehenengo aldiz, erronka hori zoladura gainean egingo dute.
Bestalde, afariak, kirol materiala eta beste hainbat gauza zozkatuko direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Olympus Moon
Nestor Arana txirrindulariak tankera honetako beste erronka batzuk aurrera eraman izan ditu, esaterako, iaz 51 aldiz igo zuen Erlaitz mendia Marteko Olympus Moon mendiaren pareko altuera lortuz (21.287 metro). Bidasoako Txirrindulari Eskolarako diru bilketa egitea ere izan zen iazko helburua.