Irakurketa Tailerraren hamabosgarren denboraldiari aurki helduko diote
Mary Beard idazlearen nobela batekin ekingo diote aurtengo irakurketa sasoiari urriaren 5ean; jendea joan ahal izateko hitzordu ezberdinak finkatu dituzte.
2019-2020 denboraldiko Irakurketa Tailerrari hasiera emateko dena prest dute Hondarribiko Udal Liburutegian. Urriaren 5ean, larunbatarekin, egingo dute lehen saioa, eta ekaina bitartera arte luzatuko dira hitzorduak. Mary Beard idazleren Mujeres y poder (Emakumeak eta boterea) eleberriarekin ekingo diote aurtengo denboraldiari.
Astearte eta asteazkenean Cita con el libro (Hitzordua liburuarekin) tailerra izango da, gaztelaniaz, eta ostegunetan aldiz, euskarako taldea elkartuko da. Astean zehar finkatutako hitzorduak 16:00etan hasiko dira. Bestalde, astean zehar joaterik ez duten herritarrek larunbatetan hurbiltzeko aukera izango dute, Un sábado, un libro (Larunbat bat, liburu bat) izenpean antolatutako saiora, 11:00etan abiatuta.
Irakurketa Tailerreko arduradunek proposatutako liburuen artean, besteak beste, daude: Uxue Alberdiren Euli giro, Harkaitz Canoren Fakirren Ahotsa, Herman Melvilleren Bartleby, el escribiente (Bartleby, eskribaua), Erri de Lucarenaren Historia de Irene (Ireneren istorioa)...
Maite Gonzalez eta Yolanda Arrieta idazleek gidatuko dituzte tailerrak. Hamabost denboraldi hauetan zehar 300 eleberri baino gehiago irakurri dituzte parte hartzaileek, modu kritikoan horiek aztertu, eta eztabaidarako espazio bat ahalbidetuz. 20 bat lagunek osatzen dituzte taldeak.