Historiaren azken gordelekua
Ehunka dokumentu biltzen ditu Hondarribiko Udal Agiritegiak, tartean, Gipuzkoarako eta inguruetarako berebiziko garrantzia dutenak; azken erosketa, 1900eko jaietako kartel bat izan da.
Orain arte aurkitutako jaietako kartelik zaharrena bereganatu du Hondarribiko Udal Agiritegi Historikoak hil honen hasieran. 1900. urteko jaietako kartela da, zezenak iragartzen ditu, eta handia da, orain arte ikusitako handiena alegia. Santa Maria arkuaren bi aldeetan zintzilikatzeko erabiltzen zituzten tamaina horretako kartelak, herrira hurbiltzen zen jendeak jaien berri izan zedin.
Zezenak dira jaietako kartelaren ardatza, eta Begoña Andres artxiboko arduradunak azaldutakoaren arabera, «garai hartan jaiak eta zezenak estuki lotuak zeuden. Santiago, San Pedro, Guadalupeko Ama… jai guztiek zezenekin zerikusia zuten». Zezen plaza egin aurretik, Arma Plazan askatzen zituztela animaliak esplikatu du arduradunak, «ez zen sokamuturra, baina tira, plazan askatzen zituzten».
1900. urteko jaiak iragartzen dituen kartela nola bereganatu duten galdetuta, Miren Ayerbe Arma Plaza Fundazioko koordinatzailearen bitartez izan zela argitu du Andresek. Frantziar jatorriko antikuario batek kartela zuela esan zion Ayerberi, eta honek atxibategiko arduradunarekin —Andresekin— hitz egingo zuela erantzun zion. «Oso interesgarria iruditu zitzaidan», onartu du arduradunak, «berehala antigoalekoen saltzailearekin harremanetan jarri nintzen».
Salerosketarako guneak
Brokanteak, enkante etxeak, Internet, liburu-denda zaharrak, norbanakoak eta antigoalekoen saltzaileak dira antzinako dokumentu edota artxibo historikoak lortzeko modurik ohikoenak. Eta interes historikoa eta kontserbazio maila dira prezioa zehazten dutenak batez ere. Jaietako kartelaren kasuan, oso ondo kontserbatuta dagoela aitortu du arduradunak, eta horri balio historikoa gehitu behar zaio. Bi faktore horiek kontuan hartuta, 4.500 euroko prezioa egokia dela iritzi dio Andresek.
Ildo horretan, zaharberritze prozesuak oso espezializatuak eta konplikatuak direla azaldu du. Horretan berezitutako kanpoko enpresek aurrera eramaten dituzte prozesu horiek. Hala, urteen poderioz gerta daitezkeen kalteak, esaterako, hezetasuna, onddoak, hatz markak, edota suteak edo uholdeak bezalako kalte handiagoak konpontzeko gai dira enpresa horiek. Hori bai, argi eta garbi esan du Andresek, kontua ez dela dokumentu originalaren kopia bat egitea, «zaharberritutakoa ikusi egin behar da. Dokumentua nola iritsi zaigun, zein egoeratan zegoen antzeman behar da». Hori horrela, zaharberritze prozesuak beldurgarriak izan ohi direla onartu du arduradunak: «Dokumentuak garbitu ahal izateko lehenengo bainu batzuetan sartzen dituzte. Ikaragarria da».
XV. mendea abiapuntu
Hondarribiko Udal Agiritegiak gordetako ehunka dokumentuen artean zaharrena 1484. urteko agiri bat da, auzibide baten ingurukoa. Andresek esandakoaren arabera, 1500 urtetik aurrera hasi zen dokumentu kopurua hazten. Data horren aurretik agirien kontserbazioa oso zaila zen, «uholdeak, suteak, gerrak, lapurretak… eta beste hainbat arrazoiengatik mendeetan zehar dokumentuak galtzen joan dira. Halaber, oso gutxi idazten zen. Agiri gehienak dokumentu ofizialak ziren, errege-erreginenak, instituzio handienenak». Hala ere, XVI. mendetik aurrera aldaketa ematen da, eta norberaren ondasunen gaineko gatazka gehiago sortzen hasi zen. Hori dela eta, «ondasunak dokumentu idatzietan uzteko beharra handitzen joaten da», dio artxiberoak, «papera bera ere merketu egiten da».
Agiritegiak Hondarribiko Udalak sortutako dokumentuak eta bere jardueratik eratorritakoak biltzen ditu bere barruan. Kontzejuaren ondorengo garaietakoak dira agiri horiek, hau da, Hiri titulua jaso ondorengoak, hain zuzen.
Hondarribiko kontzejuaren inguruko dokumenturik beraz, ez dago agiritegian, bai ordea horren zigilu ofizialaren kopia bat. Originalen artean, «bakarra gelditzen dela uste dugu», azaldu du Andresek, eta hori Parisko (Frantzia) Louvre Museoan dagoela adierazi du: «Kontzejuaren 1297. urteko zigilua da». Bi aldeko edo aurpegiko zigilua da. Hala, batean, gaztelu bat ikus daitekeen bitartean, beste aldean, balea bat ageri da. Udal gobernua kontzejua izan zen 1638ko setioa gertatu zen arte. Borroka hori medio, Hiri Oso Lehial eta Oso Adoretsu titulua eman zion Felipe IV.ak handik urtebetera.
1990ko hamarkadaren bukaeran, Gipuzkoako Batzar Nagusiek bilkura egin zuten Hondarribian, eta protokoloak agintzen zuen moduan, anfitrioiak oparitxo bat egin ohi zien batzarkideei. «Niri detaile polita iruditu zitzaidan zigiluaren kopia bat oparitzea eta garaiko alkatea ados agertu zen nirekin», esplikatu du arduradunak. Louvre Museoari baimena eskatu, eta ondoren, erreprodukzioak Madrilen (Espainia) egin zituztela esan du. Kopiak pixka bat handiagoak direla azaldu du Andresek, Louvre Museoaren araudiaren arabera, «erreprodukzioa ezin da inoiz originalaren tamaina berberekoa izan, handiagoa edo txikiagoa izan behar du».
Berebiziko garrantzia
Artxibategi historikoa benetan garrantzitsutzat jotzen du Begoña Andresek. Edozeinek bisita dezake, eta dirudienez, «jende dezente» joaten dela dio. Hondarribia leku estrategikoa izan da mendeetan zehar, Frantziako zein Gaztelako koroek bereganatu nahi zuten; baita Nafarroako Erresumak ere. Azken honek interes berezia zuela azaldu du Andresek, «Nafarroaren irteera naturala itsasora Bidasoa ibaia da. Interesak medio, hainbat bider Hondarribiak Gipuzkoako Batzar Nagusietatik alde egin zuen, eta Nafarroako Erresumaren parte izatera igaro zen».
Gipuzkoan jurisdikzio zabala zuen gainera Hondarribiak. Lezo, Pasai Donibane eta Irun Hondarribiaren jurisdikzioaren barruan zeuden. Bi alkate zeuden, judizialki lehen instantzia Hondarribiko alkatearena zen, eta aldi berean, epaile arrunta ere zen. Botere administratibo eta jurisdikzional nabarmena zuen.
Hiribildua mendi muino batean egotea ere interes militar handikoa izan zen mendeetan zehar. Hiribilduaren 1719ko azken setioaren ondoren gerraren kontzeptua aldatzen hasi zela adierazi du Andresek. Handik aurrera kanoikadak harresiak baino altuagoak izatera iritsi ziren eta beraz, Hondarribiak garrantzia galdu zuen.
Gaur egun, ikerketa historikoak aurrera eraman ahal izateko berebizikoa da Hondarribiko artxibategia bisitatzea, «bai Gipuzkoa mailako ikerketa baterako,baita eskualde mailarako ere». Gipuzkoari dagokionez, argi esplikatu du arduradunak, «merkantzien garraioa hemendik egiten zen, mugak garrantzia handia zuen, eta gainera, Gaztelarako pasabidea zen».
Estrategikoki garrantzia handikoa zela Hondarribia nabarmendu du Andresek. Are gehiago, Austriako Maria Teresa erreginaren eta Frantziako eta Nafarroako Luis XIV. arteko ezkontza Kale Nagusiko parrokian ospatu zen, «botere ezberdinak medio, hemen ezkondu ziren, eta ondoren, Faisaien Uhartean elkartu», gaineratu du. Gaur egun lehengo garrantzia ez duen arren, dokumentuetan jasotakoa betirako izango da.
Errege-erreginek sinatutako pribilegioen pergaminoak
Ehunka dokumentuk osatzen dute Kultur Etxean finkatutako Hondarribiko Udal Agiritegia. Hainbat mendetan zehar sortutako agiriak dira bertan gordetakoak, horietako batzuk, benetako altxor kontsideratzen dira. Esaterako, agiri zaharrenetarikoak diren pergaminoak. Dokumentaziorik «garrantzitsuena» dela nabarmendu du Begoña Andres arduradunak, «bertan errege-erreginak Hondarribiko herriari emandako pribilegio guztiak agertzen baitira».
Larrukiak dira denak, eta galtzea ekiditeko asmoarekin, «guztiak liburu moduko batean bildu zituzten», adierazi du. «Bertan esaten dena, eta igorlea bera ere, oso garrantzitsuak» direla argi gelditzen da. Errege-Erregina Katolikoek idatzitako pergaminoa —irudian ikus daiteke— esaterako, Aragoiko Fernando II.ak eta Gaztelako Isabel I.ak Hondarribiari onartutako pribilegioak jasotzen ditu.
«Hain garrantzitsua da esan behar dutena, pergamino baten bitartez egiten dutela», azaldu du arduradunak, «are gehiago, larrukiaren kalitateak berak dokumentuaren inportantziaren berri ematen du». Ildo horretan, jaio gabeko txekorraren azalarekin egiten zituztela maila goreneko pergaminoak esplikatu du , «horiek garrantzitsuenak ziren».
Protokolo administratiboa osatze aldera, larrukiaren ertza koloretako zetazko hariarekin josten zuten eta hortik zintzilik, igorlearen zigilua jartzen zuten. Kasu honetan ere, garrantziaren arabera, urrezkoa, zilarrezkoa… izan zitekeen. Azkenik, igorlearen armarria marrazten zuten goialdean, eta hartzailearena berriz, behealdean. Ikus daitekeenez, Hondarribikoa gaztelu batek eta balea batek osatzen dute.
Militarrak eta inkisizioa
Pergaminoen bilduma «ederra» den arren, beste hainbat agiri nabarmendu eta goraipatu ditu Andresek, esaterako, Mauleon izeneko injeniari militar batek 1719an egindako kartografia ezezaguna. Enkante batean lortu zuten, eta «harrigarria» dela uste du. «Dena agertzen da, batailoiak non dauden, itsasgorak eta itsasbeherak noraino iristen diren anexioa egiteko garaian kontuan hartzeko…».
1611. urtean inkisizioak sorginen aurka eramandako auzia ere gordetzen dutela azaldu du Andresek. «Harrigarria da nola deskribatzen duten akelarre bat, goitik behera», esan du. Hori guztia dokumentatua dago, eta Caro Baroja antropologoak eta historialariak, adibidez, bere ikerketetarako erabili zuen auzia. Era berean, sorginen inguruko hainbat filmetan erabili dute.
Hondarribian hain ezaguna den Inesa Gaxen eta beste bost emakumeren aurka hainbat umek emandako testigantzak jasotzen ditu auziak; eta horiek guztiak agiritegian gordeta daudela gogora ekarri du artxiboko arduradun Andresek.
«Oso polita da», iritzi dio, «sorginak belar-biltzaileak eta sendalariak zirela demostratzen du auziak». Gainera, Gaxenen etxean soilik topatu zituzten belarrak, ez beste inoren etxean. Hala eta guztiz ere, Gaxenek izan ezik, gainontzeko bost emakumeek sorginkeria akusazioak onartu zituzten. Aitorpenak, ordea, ez zituen espetxe zigorretik salbatu.
Umeen lekukotasunaren inguruan Andresek ondokoa azaldu du: «Besapetan ukendu bat jarri zieten, eta herriko etxeetako teilatuen gainetik igarota Jaizkibel mendira eraman zituzten hegan. Han ikusitako akelarrea deskribatu zuten, eta deabrua bera ere ikusi izana aitortu zuten neskek».