Champions League-ri behar bezalako ongietorria egingo diote bihar
25 urteren ondoren, Artalekuk Europa mailako partida bat jasoko du. Cocks talde finlandiarraren aurkako neurketa girotzeko, festa eguna antolatu dute.
Bihar (hilak 21), Artalekuk egun berezia bizituko du. Izan ere, 25 urteren ondoren, kiroldegiak aurtengo Champions League-ko lehen partida jasoko du. Bidasoa eskubaloi taldearen eta Cocks talde finlandiarraren arteko partida jokatuko dute 16:00etan.
Kiroldegia lepo beteta utzi nahi dute taldeko zuzendaritzako kideek. Hala, partida garrantzitsurako motorrak berotzen hasteko, festaz apainduko dituzte Kale Nagusia eta Foru Kalea. 11:30tatik aurrera, Ondare Kultur Elkarteko erraldoiek kaleak girotuko dituzte. Gainera, haurrentzako tailer ugari eskainiko dituzte El Baul de las Ideas dendan. Horrez gain, photocall eta eskubaloi ate bana jarriko dute. Goiz osoan zehar, taldeko maskotarekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute etxeko txikienek.
Bada, helduenek ere gozatzeko aukera izango dute bihar. Ekialde, Muro, Bohemian, Sargia, Orrua, Basque Corner eta Manolo tabernek bat egin dute eskubaloiaren festarekin, eta hala, bertan erositako lau pintxogatik kamiseta ori bat jasoko dute irundarrek. Gainera, Arana garagardo bidasoarra dastatzeko aukera ere izango da taberna guzti hauetan.
Partidaraino luzatuko dute biharko festa. 15:30ean marea horia kalejiran abiatuko da Artalekura.