Datu "positiboak" utzi ditu turismoak uztailean eta abuztuan
20.000 lagunetik gora izan dira Arma Plazako Turismo Bulegoan; Tren Berdearen erabilerak eta hotelen okupazioak ere gora egin du udako azken denboraldian.
Orokorrean udako sasoian izandako turismoak datu «positiboak» utzi dituela jakitera eman du Hondarribiko Udalak. 20.970 lagun Arma Plazako Turismo Bulegoan izan dira uztailean eta abuztuan; alegia, iaz baino 1.000 bisita gehiago jaso ditu informazio guneak. Izaera orokorreko kontsultak nagusitu dira turisten artean, hala nola, zer bisita daitekeen, bisita gidatuak, enogastronomia, kultur jarduerak, komunikazioak, euskal kostaldearen inguruko informazioa…
Tren Berdearen erabilera eta Guadalupeko gotorlekuaren zein Hirigune Historikoaren bisita gidatuak ere «nabarmentzekoa» direla adierazi du tokiko gobernuak: «Guztira, 7.051 lagunek hartu dute parte udako denboraldian».
Hotelen okupazioak ere gora egin du aurtengo udako sasoian. Hala, uztailean %86koa izan zen okupazioa, abuztuan ordea, %92koa. Iazko denboraldiarekin alderatuta, %1,7 hazi da okupazioa.
Udal gobernuak ur kirolen garrantzia azpimarratu nahi izan du, «pisu handia izan baitu aurtengo udan». Adierazitakoaren arabera, geroz eta interes handiagoa pizten dute kirol mota horiek. Aurten, gainera, eguraldia lagun izan dutela aipatu dute.