'Zalantzarik gabe' abesti berria argitara eman du Marmokak
Udaren ondorioz «doinuak leundu» dituztela onartu dute taldekideek, eta «pop kutsua» duen kanta bat aurkeztu dute oraingoan.
Marmoka talde hondarribiarrak abesti berri bat «lehorreratu» du dagoeneko, gaur jakitera eman dutenez. Zalantzarik gabe izenburupean, «pop kutsua» duen kanta berri batekin dator oraingoan uretako taldea. «Udaldiko tenperatura beroek gure doinua zertxobait leundu dute, marmoken alderik gozoena erakutsi asmoz», azaldu dute kideek.
Lasaiagoa da beraz Marmokaren azken kanta. Oztopo diren gaiak eta pertsonak alboratzeko lagungarria izan nahi du. Era horretan, «maitasunaren eta bizitzaren korrontera» salto egiteko gonbita luzatzen dio taldeak gizakiari. Kontzientziak pizteko gai da abestia taldearen iritziz, «itsasoari eta naturari zor diogun begirunea azpimarratuz».