Eskualde osoa korrika zeharkatuko dute urriaren 5ean
Irun, Hondarribia eta Hendaiako kaleak hartuko ditu beste urte batez BATen Txingudi Korrikak, hogeita batgarrenez zehazki.
Irun, Hondarribia eta Hendaiako kaleak hartuko ditu beste urte batez Txingudi Korrikak, hogeita batgarrenez zehazki. Gaur aurkeztu du Bidasoa Atletiko Taldeak datorren urriaren 5ean egingo duten lasterketa erraldoia. Ficobako Iñigo Lavado jatetxean egin dute aurkezpena. Bertan, taldeko kide zein babesle ofizialez gain, hiru udalerrietako ordezkariak izan dira.
Ohitura den bezalaxe, bi ataletan banatuko dute aurtengo Txingudi Korrika. Alde batetik, patinetan (roller delakoak) parte hartzeko aukera izango da. 16:20an irtengo dira hauek. Bestetik, 16:30ean, ehunka lasterkariak helmugatik aterako dira. Orotara, 10 kilometroko ibilbidea zeharkatu beharko dute; eskualde osoa zapalduko dute korrikalariek. Irteera Hendaiako Florida portuan izango da, eta helmuga berriz, Hondarribiko hondartza inguruan.
Lasterketa helduei begirakoa izan arren, etxeko txikienek ere running-aren munduaz gozatzeko aukera izango dute urriaren 5ean. Izan ere, bosgarrenez jarraian, Txingudi Korrika Txikia egingo dute. Gal Stadiumeko zelaian hasiko dira korrika gaztetxoak. BATetik azaldu dutenez, izen ematea doakoa izango da (1-13 urte bitartekoek ahalko dute parte hartu).
Aurtengo lasterketa berritasunekin heldu dela jakinarazi du Ibon Muñoz taldeko zuzendari teknikoak. Hendaiako tren geltoki aurrean obretan ari direnez, ibilbidea zertxobait aldatzea erabaki dute. Hala, Hendaiako erdigunetik pasako dira aurten.
Aurtengo helburuetako bat 600-700 lasterkari inguru biltzea da (iaz 664 lagunek eman zuten izena), eta dagoeneko 200dik gora izan direla zehaztu dute gaurko agerraldian. “Iaz baino kopuru handiagoa da, erritmoak gora egin du aurten”, dio pozik Muñozek.
Izen ematea, zabalik
Lasterketan apuntatzeko, Kirolprobak-en webgunea eskuragarri jarri dute jada. Bestalde, interesdunek Leire Sport (Irun) edo Papykop (Hondarribia) dendetan ere egin dezakete izen ematea. Bertaratzeko aukera ez dutenek ordea, BATen bulegoan (Palmera Montero) ere egiteko aukera izango dute. Egun, 13 euroan eskura daiteke dortsala, baina urritik aurrera aldiz, 18koa izango da prezioa.
Dortsalak eta txipak, urriaren 4an klubaren egoitzan (Dunboan) edota irteeran bertan eskuratzeko aukera izango dela gogoratu dute.