EAJ: "Hegoaldeko Ingurabidearen atzerapena udal gobernuaren kudeaketa txarraren ondorioa da"
Jeltzaleak kezkatuta daude lotune erdiaren eta Hegoaldeko Ingurabidearen artean dagoen "urtebeteko desfasearekin".
Atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuenez, 2020aren hasieran amaituko dituzte Hegoaldeko Ingurabidearen eta AP-8 lotune erdiaren lanak. Irungo EAJ taldea pozik azaldu da azken albistearekin, baina halere, jeltzaleak kezkatuta daude lotune erdiaren eta Hegoaldeko Ingurabidearen artean dagoen “urtebeteko desfasearekin”. Udal gobernuari leporatu diote atzerapen hori.
“Hegoaldeko Ingurabidearen eraikuntzaren atzerapena udal gobernuak momentura arte mantendu duen kudeaketa txarraren ondorioa da”, adierazi du bozeramaile Xabier Iridoyk. 2018ko ekainean, udal gobernuaren arabera, proiektuaren lehen fasea “oso aurreratua” zegoela dio jeltzaleak, baina urtebete beranduago arte (2019ko ekainera arte) onartu ez dela salatu du. “Zer gertatu da? Nola da posible, proiektu aurreratu bat eta garapenerako egokia den finantzaketa izanda, ez hobeto kudeatu izana bi proiektuen gauzatzea?”, dio haserre bozeramaileak.
Trafikoari lehentasunik ez ematea leporatu diote alderdi sozialistari. “Gobernu sozialistaren helburua irundarren ongizatea izan balitz, interes alderdikoiak alde batera utziaz, gure hiriak bizi dituen arazo garrantzitsuenetako bat arintzen lagunduko zuen”. Bi proiektuen artean “hamabi hilabeteko desfasea” dagoela gogor salatu dute taldeko kideek. “Arduragabekeria galanta da”.
Amaitzeko, aldundiarekin elkarlana sustatzeko beharra nabarmendu dute. “EAJtik beti apustu egin dugu ezberdinen arteko elkarlana sustatzearen alde”, gehitu du Iridoyk.