Auzolanean eta jaietako bileran parte hartzera deitu dute Amute-Kostan
Auzo elkarteak 2019ko jaiak antolatzeko bilera deitu du etzirako, ostegunarekin. Bestalde, elkartearen lokaletan zenbait konponketa lan egiteko auzolana egingo dute asteburuan.
Urriaren lehen asteburuan ospatuko dituzte jaiak Amute-Kostan, eta horiek antolatu ahal izateko bilera deitu du auzo elkarteak etzirako, ostegunarekin. 20:00etarako finkatu dute hitzordua eta auzokide guztiei parte hartzeko gonbita luzatu diete. Jaiak, jarduera berriak, umeentzako jokoak eta herri bazkaria izango dituzte hizpide bileran parte hartzen dutenak.
Bestalde, auzo elkarteak beste deialdi bat ere egin du. Auzolan egunak antolatu ditu elkarteak asteburu honetarako, hilaren 20an, 21ean eta 22an, zehazki. Konponketa lanak egiteko laguntza eskatu du bizilagun elkarteak, hala nola, igeltsero, elektrizitate, arotz eta garbiketa lanak aurrera eramaten dituzten laguntzaileak behar dituzte. Aldez aurretik 652727374 telefono zenbakian izena ematea beharrezkoa da.