2020ko aurrekontuak definitzen hasi dira
Atzo egin zuten lehen bilkura herritarrekin, Palmera Monteron. Ehundik gora irundar bildu ziren bertan.
Dagoeneko irundarrak hasi dira 2020ko aurrekontu partehartzaileak definitzen. Atzo egin zuten lehen bilkura herritarrekin, Palmera Monteron. Ehundik gora irundar gerturatu ziren, denbora luzez eztabaidatu ostean, lehen proposamenak aurkezteko.
Bileren ostean, bozketaren unea heldu zen; zazpi proposamenek jaso zuten boto gehien. Ondorengoak dira zazpiak:
- Irungo Gurutze Gorriari uzteko anbulantzia bat erostea.
- Lapitzen, Junkal taldearen barruko patioa berritzea, parke ekologiko bat eraikita.
- Behobia auzoko Ernautenea bidean argiztapena hobetzea eta autoen abiadura kontrolatzeko aforadore bat jartzea.
- Adinekoen lokaletan urte guztian zehar jarduerak dinamizatzeko zerbitzua indartzea.
- Mendibil inguruko irisgarritasuna hobetzea, espaloiak hobetuz eta Zabaltza plazatik heltzeko aldapa mekaniko bat eraikiz.
- Zakur kakak kalean uzten dituztenei isunak jartzeko kontrol kanpaina bat abiaraztea.
- Hiriko zuhaitzak kimatzeko partida handitzea.
Palmera Monteron definitutakoez gain, internet bidez beste 50 bat proposamen jaso dituztela diote udaletik. Hilaren 19ra bitarte proposamenak aurkezteko aukera izango da, Irungo Udalaren webgune ofizialean. Urriaren 8an aldiz, behin betiko proposamenak aukeratzeko epea irekiko dute, urriaren 15era bitarte.