PP: "EAJk tokiko komertzioa alboratu du, diru errazaren alde apustu egiteko"
PPk agerraldia egin du gaur goizean Irunen, Zaldunbordako outlet herrixka erraldoiaren gaineko iritzia emateko. Gipuzkoako merkataritzarako oso kaltegarria izango dela adierazi dute Juan Carlos Cano batzarkideak eta Muriel Larrea Irungo zinegotziak, “EAJk tokiko komertzioa alboratu du, diru errazaren alde apustu egiteko”.
Canok zehaztu du outlet herrixkak herrialdeko arropa dendetan eragingo duela kalte gehien, “gainera, azpiegitura hori pentsatuta dago behin bezeroak hara joatean, bertatik ez ateratzeko, herrietatik komertzioa atereaz, kaleetako giroa zapuztuz, eta enplegu prekarioa sortuz”. Canok oroitarazi du Hondarribiko EAJk egitasmo hori Jaurlaritzak saltoki handiak arautzen zituen legea baino egunbete lehenago onartu egin zuela, eta lehenago, hiriaren plan orokorrean aldaketak egin zituztela egitasmo horrek tokia izan zezan.
Muriel Larreak, bere aldetik, ziurtatu du Zaldunbordako egitasmoa Irungo komertzioarentzat “ezpatakada hilgarria” izango dela, eta aukera baliatu du Irungo mugikortasuna eta TAO sistema kritikatzeko, “gure hiritik jendea botatzen ari dira”. Hala, dirua soilik jasotzeko asmorik ez duen TAO sistema defendatu du Larreak, “errotazio bidezkoa, bisitatzen gaituztenek hiria nahi bezala goza dezaten. Egungo TAO sistemarekin bi orduz bakarrik egin dezakete hori”.