Ongietorririk beroena jaso du emakumeen traineruak
Azkarrenak izateagatik mailari eustea lortu du Hondarribiko emakumeen ontziak; hala ere, zapore "gazi-gozoa" gelditu zaiola onartu du Iker Cortes entrenatzaileak.
Bukatu da 2018-2019 urteko arraun denboraldia. Garai txarrak pasa ditu Hondarribia Arraun Elkarteko emakumeen traineruak, baina kasta guztia atera eta maila gorenari eustea lortu du. Bermeon eta Portugaleten egindako azken estropadek amaierako puntua jarri diote Euskotren Ligari, baina ez ordea traineru berdearen ibilbideari. Hala, azken bi estropadak irabazita eta mailari eutsita, harrera ezin hobea jaso zuten arraunlariek atzo iluntzean.
«Zapore gazi-gozoa» gelditu zaiola onartu du Iker Cortes entrenatzaileak denboraldiaren balantzea egitea eskatuta: «Akats pila bat egin ditugu, talde normal batek bizpahiru urteetan egiten dituenak guk, denak, denboraldi bakar batean egin ditugu». Hala eta guztiz ere, akatsetatik ikasi dutela uste du Cortesek.
Hori horrela, «urduri» eman dutela asteburua aitortu du, baina behin estropada eginda eta «gure maila erakutsita» lasaiago gelditu zirela adierazi du. Gainera, herrian jasotako harrera «kristorena» izan zen; are gehiago, ez zuten hainbeste jende hurbiltzea espero. Eta nola ez, beste behin, Hondarribiko afizioak ez zuen huts egin eta harrera «polita» izan zela adierazi du. Horri esker taldea «oso motibatua» dagoela gaineratu du.
Azkarrenak izan ziren Hondarribiko emakumeak asteburuan. «Ez genuen espero, egia esan. Igandean, Hibaika indartsu aterako zela eta gure denborari buelta ematen saiatuko zela espero genuen» esplikatu du Cortesek. Eta fuerte atera ziren, baina Hondarribiko traineruak lana ondo egin zuen, eta azkenean, «emaitza ona lortu genuen».
Orain, botearen garbiketa lanak eta oporrak disfrutatzeko garaia heldu zaie kirolariei. Hurrengo denboraldiari dagokionez, momentuz egoera baretzen utziko duela azaldu du Cortesek, «denboraldi gogorra izan da, eta luzea ere». Beraz, datorren denboraldian taldea zeinek osatuko duen jakin ez arren, gauza bat argi dauka entrenatzaileak: «Traineru honek emango du zer esan hurrengo urteetan».