Jasangarritasuna eta mugikortasuna aste honetako protagonistak
Europako deialdiarekin bat egin eta 'Ibili gurekin' lelopean Hondarribiko Mugikortasun Jasangarriaren Astea antolatu dute udalak eta Balazta elkarteak.
Hondarribiko Udaleko Hiritarren Harremanetarako zinegotzi Maria Serranok eta Balazta elkartearen ordezkari Kote Guevarak Hondarribiko Mugikortasun Jasangarriaren Astea aurkeztu dute gaur goizean. Ibili gurekin! lelopean eta #Ibiligurekin traola erabilita, gaurtik igandera bitartean izango diren jarduera eta ekitaldi ezberdinak argitara eman dituzte bi arduradunek.
Aste honetako helburua «mugitzeko beste modu batzuk ezartzea» dela adierazi du Serranok, «poliki-poliki errutina ezberdinak garatzen joatea». Hala, autoa alde batera uztea, eta oinez, bizikletan edo autobusean mugitzen hastera deitu ditu herritarrak, «denon onurarako izango da-eta».
Ildo beretik mintzatu da Balaztako ordezkaria eta autoa baztertzeko eskaria egin die biztanleei. «Saiatu oinez gehiago egiten», esan du, «osasuntsuagoa da, merkeagoa da, eta ez du kutsatzen». Pozik agertu da ordezkaria jasangarritasuna eta mugikortasuna geroz eta presenteago daudelako, baita politikan ere.
Hori horrela, Hondarribiko Mugikortasun Jasangarrirako Planari (HMJP) garrantzia berezia eman dio ordezkariak, eta bertan jasotako proposamenekin martxan jartzea zein inportantea izango den nabarmendu du. Era berean, azken hauteskundeetan alderdi politiko guztiek mugikortasuna eta jasangarritasuna hizpide izateaz gain, euren programetan sartu izana garrantzitsutzat jo du.
Hortxe bi arduradunek aurkeztutako egitaraua:
- Irailak 16-22: Bizikletaren inguruko liburu txokoa udal liburutegian.
- Irailak 18-19: Bizikleten oinarrizko konponketen tailerra Bizi On Bike dendan 19:00etatik 21:00etara.
- Irailak 20: Oscar Clementeren Sobre ruedas filma Kultur Etxean eta ondoren, Hiri Mugikortasun II. Argazki Lehiaketaren sari banaketa, 19:00etan abiatuta.
- Irailak 21: Elkarrekin hobetuko al dugu eskola ingurunea? proiektu pilotuaren aurkezpena eta bilera Bitoriano Juaristi kalean, 11:00etatik 13:00etara.
- Irailak 22: Hiriko kaleetatik bizikleta martxa 11:00etan Gernikako Arbolan, eta Bizikleta Feria San Pedro kalean, 12:00etan.