"Gobernua lehenbailehen osatzea" exijitu dute Txingudiko pentsiodunek
Jarduneko presidente Pedro Sanchezi gutun bat bidaltzeko probestu dute gaurko manifestazioa.
Txingudiko pentsiodunek enegarrenez Irungo kaleak hartu dituzte gaur. Elkarretaratzea beharrean, gaurkoa manifestazio eguna izan da. San Juan plazatik abiatu dira manifestariak, eta Junkal kalean dagoen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko bulegoetara joango dira. Han, Pedro Sanchez jarduneko presidenteari zuzendutako eskutitzak entregatu dituzte.
“Mobilizatzen hasi ginenetik 21 hilabete pasatu dira. Eta harriturik eta oso haserre gaude, apirilaren 28ko hauteskundeen ostean. Gaur egun, ez dugu aurkitzen eta ez dakigu, gure arazo larriei erantzuna emango duen gobernua osatzea lortuko den ala ez”, diote pentsiodunek.
Hilaren 23a baino lehen inbestidura akordio batetara iristen ez badira, berriz ere 0,25eko igoera pairatu beharko dutela salatu dute. Hori dela eta, “lehenbailehen gobernua osatzea” exijitu diote Pedro Sanchezi. “Gure bozka egitearekin gure eginkizuna bete dugu. Orain alderdi politikoen txanda da. Ez dezatela gugan jarri beraien ardura dena. Guk ez dugu zergatik beraien ardura eza pairatu behar”. Hala, ondorengo eskaerak egin dizkiote jarduneko presidenteari:
- Pentsioen Sistema publikoa bermatzea
- Pentsiodunen erosteko ahalmena PIK arabera legez ziurtatzea.
- 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea.
- Iraunkortasuneko faktorea indargabetzea.
- Generoko bidegabe zuloarekin amaitzea.