Bidasoko emakumeek ere Gau Morea egingo dute ostiralean
M8 Asanblada Feminista Bidasoak gaueko elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu eskualdeko emakumeak.
M8 Asanblada Feminista Bidasoak jakinarazi berri duenez, Gau Morea egitasmora atxiki berri dira. Euskal Herriko beste dozenaka herritan bezalaxe, kalera irtengo dira eskualdeko feministak; gauak ere emakumeenak direla erakusteko elkarretaratze berezia egingo dute San Juan plazan datorren ostiralean (hilak 20). Gauez egingo dute mobilizazioa.
“Joan den uztailean oso egoera latza bizi izan dugu Estatu Espainolean, bi egunetik behin emakume bat bere bikote edo bikote ohiaren eskuetan eraila izan baita”. Gainera, uztaila eta abuztu bitartean delitu sexualen kopurua %50an handitu dela salatu nahi izan dute. Hemen, Euskal Herrian, hiriburuetako jaietan 25 sexu eraso salaketa izan direla gogoratu dute.
Gauzak horrela, eskualdeko biztanleriari honako deialdia luzatu diete: hilaren 20an (ostirala da), gaueko 20:30tatik aurrera San Juan plazan elkarretaratzea egingo dute. Argi more bat ekartzeko edo mugikorreko linternari paper more bat jartzeko eskaera egin dute (asanbladako kideek banatuko dituzte). Era berean, ‘Nik gau morea egingo dut, #larrialdi #feminista’ testua karteletan jartzeko deialdia ere egin dute.