Antzezle berri bila dabil Legaleon-T eskola
Adin tarte guztietako irundarrentzako ikastaroak eskainiko dituzte aurten ere. Dagoeneko zabaldu dute matrikula egiteko epea.
Irungo Legaleon-T antzerki eskolako kideek ikastaro berri bati ekingo diotela jakinarazi berri dute. Aurten ere, umeen, gazte zein helduentzako antzerki ikastaroak eskainiko dituzte, esperientzia handi zein gutxiko herritarrek oholtza gainera igotzeko apustua egin dezaten.
Etxeko txikienek, hau da, 7-11 urte bitartekoek 35 euroren truke eskura dezakete matrikula eta urriaren 8an hasiko dituzte klaseak. Gazteek berriz (12-17 urte bitartekoek), urriaren 9an ekingo diete klaseei, eta 42 euro ordaindu beharko dituzte.
Helduen ikastaroak ordea, bi mailatan banatuko dituzte. Lehenik, hastapeneko eskolak eskainiko dituzte, interesdunek antzerkiaren munduan lehen pausuak eman ditzaten. Hala, 18 urte gorakoek urriaren 9tik ekainaren 17ra bitarte entsegu pertsonalizatuak jasoko dituzte. Hilabetero 42 euro ordaindu beharko dira hastapeneko klaseak jaso ahal izateko (matrikulak 15 euroko kostua du).
Bestalde, sakontzeko ikastaroa ere eskainiko dituzte, bereziki aurretik arte esparru honetan esperientzia duten herritarrei begirakoa. Ikastaro honen epea eta baldintzak hastapeneko ikastaroaren berberak dira eta ikastaroa urriaren 8an hasi eta 2020ko ekainaren 16an amaituko dute.
Dagoeneko izena eman daitekeela jakinarazi du antzerki eskolak, 619 888 948 telefono zenbakira deituta, edota helbide honetara idatziz (11:00etatik 14:00etara). Informazio zehatzago, webgune honetan eskuragarri dago.