Jaien balorazio "oso positiboa" egin du alkateak
«Jaietako programan zeuden ekitaldi guztiak burutu egin dira, oso parte hartzaileak izan dira eta giro onean garatu dira», adierazi du Txomin Sagarzazuk.
Hondarribiko 2019. urteko jaiak bukatuta balorazioa eskaini zuen atzokoan Txomin Sagarzazu alkateak komunikabideetara bidalitako oharrean. Egitarauan aurreikusitako ekitaldi guztiak burutu direla adierazi du agintariak, era parte hartzailean eta giro onean garatu direla gaineratu du. Hori guztia dela eta, «balorazio oso positiboa» egiten dutela azaldu du Sagarzazuk.
Horiek horrela, abuztuaren 31tik irailaren 11ra Hondarribiko Udaltzaingoak eta Txingudiko Zerbitzuak-ek etengabe egindako lana goraipatu nahi izan du, «zoriontzeko modukoa». Irailaren 1etik 11ra denera, 14 atestatu egin dituztela udaltzainek esan du, «gehienak lapurretengatik». Atzo goizera bitartean ez dutela eraso sexisten gaineko salaketarik jaso ere azaldu du alkateak; «eta hori beti da pozgarri», erantsi du.
Hala, jarduera ezberdinetan adin guztietako jendeak parte hartu izanagatik pozik agertu da alkatea, eta Hondarribia Hiria Musika Bandak jasotako Urrezko Intsignia eta Et Incarnatus orkestraren emanaldia nabarmendu ditu.
Era berean, eraso sexistarik gabeko gunea eta alkoholaren prebentziorako puntua «oso ondo funtzionatu» dutela esan du: «Ikerketa sakonago baten zain, ia 800 pertsonei arreta eman zieten».
Parte hartutako eragile guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie udal agintariak.
«Aurrerapausoa bizikidetzan»
Hilaren 8an Kale Nagusian Jaizkibel konpainiak aurten bizitakoa «positiboki hartzeko modukoa» dela esan du Txomin Sagarzazuk. «Iaz izandako zailtasunei aurre egin zaie», adierazi du, «eta bizikidetzan hobekuntza nabaritu da».
Bukatzeko, herritarrei eskerrak emateaz gain, «bide honetan modu aktiboan» jarraitzeko eskaria egin die, «elkarrizketa errazteko emandako pausoetan aurrera egiteko unea da-eta».