Bihar aurkeztuko dute Txingudi Eskubaloi Kluba Egaindar
Eskubaloi talde berria da, Irunen sortua, baina Txingudi aintzat hartzen duena. Artalekun egingo dute biharko aurkezpena, 16:30ean hasita.
Kirol elkarte berri bat du eskualdeak: Txingudi Eskubaloi Kluba Egaindar. Taldeko arduradunek adierazi dutenez, euren ekintza eremua Irun hiria da, baina eragin eremua Hondarribia eta Hendaiaraino ere zabaldu nahi dute. Kirol elkartea eskubaloia ezagutzera emateko eta praktikatzeko asmoz sortu da, prestakuntza garatzen duen hezkuntza esparru batean, “pertsonen osotasuna, baloreen ikaskuntza eta kirolaren dibertsioa eta gozamena” sustatuz. Bihar aurkeztuko dituzte taldeak, Artaleku kiroldegian: 16:30ean animaziorako tartea izango da, 17:15ean aurkezpena, eta 17:30ean nahiz 19:00etan Senior Mailako neskek eta mutilek partidak jokatuko dituzte hurrenez hurren Gasteizko Corazonistasen kontra.
Aurreratu dutenez, kirol ekipamenduaren koloreak gorria, zuria eta beltza dira. Eta miru gorria dute ikurtzat: udan batez ere Plaiaundin maiz ikusten den hegazti ikusgarria da, “mugimendu arinez zeharkatzen du zerua”.
Talde federatuak eta eskola biltzen dira kirol elkartearen barruan. Hala, federatuetan, Irunen emakumeen Senior Mailako talde federatu bakarra izango dena Txingudi Eskubaloi Klubak, 14 jokalarirekin osatua (irundarrak, hondarribiarrak eta hendaiarrak), batez besteko adina 18 urtekoa delarik. Gizonen Senior Taldeak, bere aldetik, Gipuzkoako Ligan jokatuko du: Irungo 17 jokalarik osatzen dute, 21,5 urteko adin mediarekin.
Horrez gain, eskubaloi eskola ere badu klubak. Horiek osatzeko lanean dabiltza. Horien onuradunak LHko 3. mailatik 6. mailara bitartean dauden haurrek izango dira. Horri lotuta, eskubaloi eskolaren gaineko informazioa emateko aukera zabaldu dute: Palmera Montero gunean izango dira taldekoak, irailaren 23tik 27ra, 17:00etatik 19:00etara.
Aldi berean, entrenatzaileen eskola bultzatuko dutela adierazi dute, Federazioko ikastaroetara bideratuz. Iragarri dute klubaren jarduera guztiak prestakuntza duten hezitzaile profesionalek bideratuko dituztela, “honek klubari jokatzeko nortasun berezia eraikitzeko onura eskainiko dio”.