1994tik bildutako margolan finalistak erakusgai jarriko ditu Emekik
25 urtetan zehar Kaleko Margo Lehiaketan finalistak izandako artelanen bildumarekin erakusketa inauguratuko du elkarteak asteartean.
1994. urtean antolatu zuen lehengoz Emeki elkarteak Hondarribiko Kaleko Margo Lehiaketa eta urtero, lehenengo hiru margolan finalistak bereganatu ditu. Orain, bilduma hori erakusgai jartzea erabaki dute elkartekideak, asteartetik aurrera, Arma Plaza informazio gunean.
«Gaur egun Hondarribiko paisaia jorratzen duten artelan bilduma ederra» dela adierazi dute elkartetik. Horren bitartez, «urteetan zehar gauzatu diren hiriko eraldaketak zein artisten teknika ezberdinak» bereiz daitezkeela uste dute.
Erakusketa hilaren 17tik 29ra bitartean ikusgai izango da, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 19:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara.