Mobilizazio ugari antolatu ditu Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak
Datorren asteleheneko manifestazioaz gain, hilaren 23 eta 30erako beste deialdi ugari egin dituzte.
Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa antolatu du datorren astelehenerako (hilak 16). “Egungo egoeran blokeo politikoa kontuan izanik, eta gure oinarrizko eskaerak bere gain hartuko dituen gobernua osatzen ez denez”, zenbait kontu argitu nahi izan dituzte pentsiodunek.
Lehenik, manifestazioan parte hartzera deitu dituzte adin tarte guztietako herritarrak. San Juan plazatik abiatuko dira, eta Junkal kalean aurki daitekeen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko bulegoetara joango dira. Han, Pedro Sanchez jarduneko presidenteari zuzendutako eskutitzak entregatuko dituzte. “Eskutitzean presidenteari exijituko diogu ahalik eta azkarren gobernu berria osa dezala, gure oinarrizko eskaerez arduratu daitezen”, diote mugimendutik. Era berean, eskutitza horien kopia bana ere entregatuko diete alderdi politiko guztiei.
Bada, astelehenekoa ez da mobilizazio bakarra izango. Izan ere, hilaren 23rako (astelehena) Bilbotik Madrilerainoko ibilaldi bat prestatu dute estatu osoko pentsiodunek. “Prestatzen ari den taldearekin harremanetan jarriko gara, nola parte hartu ahal dugun ikusteko”. Ibilbidearen ostean, urriaren 16an hain zuzen ere, manifestazio erraldoia egingo dute Madrilen bertan.
Hilaren 30ean berriz, (astelehena da) Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren bezperan zehazki, komunikatu bat irakurriko dute, pentsiodunen eta adinekoen aldarrikapenekin.
Amaitzeko, Euskal Herriko pentsiodunekin zenbait bilera egiteko asmoa adierazi dute, mobilizazio bateratuak prestatu ahal izateko. Gainera, herri mailan ere mobilizazio ugari egingo dituztela iragarri dute; datozen asteotan guzti horien berri emango dute.