[Galeria] Giro ezin hobea Baserritarren Egunean
2019. urteko Hondarribiko Jaien azken eguna da gaurkoa, baserritarrena. Eguzkia lagun, ehunka lagun bildu dira Zumardian antolatutako ferian.
Baserritarren Eguna, jaietako azken eguna, ospatzen ari dira hondarribiarrak gaurko egunean. Ehunka herritarrek bat egin dute Zumardian antolatutako azienda, fruta eta barazki lehiaketan. Eguraldia lagun, jendez gainezka egon da Zumardia goiz osoan zehar.
Hala, goizeko 09:30ean hasiera eman diote feriari. Goiza igaro ahala, geroz eta jende gehiago bertaratzen joan da, begiratu eta bertako produktuak erosteko asmoarekin. Giro ezin hobean igaro dute goiza bertan bildutakoak.
Ondoren, Egaña eta Peñagarikano bertsolariak aritu dira giroa animatzen, eta goiza bukatu aurretik idi probei ekitea erabaki dute. Hala, lehenik eta behin tona bateko harria jarri diete idiei. Joan-etorria minutu batean egin dute batez beste parte hartutako guztiek; ondoren, 1.800kg txanda heltzear zen. Ikusi beharko da zeinek irabazten duen.
Amaitzeko, Hondarribiko buruhandiak eta erraldoiak agertu dira Zumardiaren inguruetan. Txikienek ere gozatzeko aukera paregabea izan dute gaurkoan.
Bestalde, Zaldunbordaren inguruan argitara emandako azken informazioen aurka protesta egiteko baliatu dute aukera Abotsanitz-eko kideak. Hilaren 8an Gipuzkoako komunikabide batek honen inguruko informazio ezezaguna publikatu zuen, eta beraz, euren jarrera berresteko eta proiektuari beste behin ezetz esateko aukeratu dute gaurko eguna aipatutako eledunek. Datozen egunotan honen inguruko informazio zabalagoa emango du HITZA-k.
Baserritar Egunari jarraipena emango diote arratsaldean zehar. Ondoko argazkietan goizeko irudi sorta ikus daiteke.