Kirol arloko enpresa eta pertsonaia ezagunak bilduko dituzte Ficoban
Kirolaren zein teknologien inguruko Kiroltech kongresua egingo dute datorren urriaren 17an. Alba Garcia atleta eta Ingesport taldeko presidente Gabriel Saez gonbidatu dituzte.
Kirolaren industriarekin lotutako enpresak eta pertsonaia ezagunek bilkura berezia egingo dute datorren urriaren 17an (osteguna da) Ficoban. Izan ere, kirolaren zein teknologien inguruko Kiroltech kongresua egingo dute erakustazokan. Berritasunen artean, Alba Garcia atleta ospetsuaren eta Gabriel Saez kirolaren arloko profesionalaren parte hartzea izango da. Ficobaren eta aldundiaren arteko elkarlanaren fruitua da Kiroltech biltzarra.
“Biltzar honen helburua da kirolaren industria garatzeko berrikuntzak eta irtenbideak ezagutzera eramatea”, diote antolatzaileek. Gainera, kirol, berrikuntza eta teknologia arloko ordezkarien arteko harremanak ere indartu nahi dituzte, kolaborazio dinamikak sortuz. Hala, kirolaren industriarekin lotura duten enpresa eta pertsonen topagune nagusi bilakatuko dute erakustazoka, gaian sakontzeko luze ariko dira. Gainera, Garcia eta Saezekin batera, administrazio publikoko, kirol klubetako eta federazio ezberdinetako ordezkariak izango dira. Informazio gehiago, webgune honetan eskuragarri dute interesdunek.
Alba Garcia atleta ospetsuak 20 domina baino gehiago lortu ditu gaur arte. Bera da Yes, we run emakumezkoen running-a hedatzeko egitasmoaren bultzatzaile nagusietako bat. Egun, entrenatzaile gisa aritzen da.
Gabriel Saez berriz, Ingesport taldeko fundatzaile eta presidentea da. Urte luzez errugbia izan da bere kuttuneko kirola, eta Espainia mailan European Club Leadership Award titulua eskuratu duen lehenengoa izan da. Kiroltech egitasmoan izandako esperientzia partekatuko du Saezek urriaren 17an.