Zaintza lanetan aritzen diren emakume migranteen egoeraren inguruko ikerketa sakon bat aurkeztuko dute hilaren 21ean, Palmera Monteron.
Jardunaldi bereziak antolatu ditu Parean Berdintasun Elkarteak datorren hilaren 21rako (larunbata da). Elkar zaintzeko kooperatzen dugu? Generoa, zaintza lanak eta migrazioa izeneko egun osoko jardunaldia egingo dute. Bertan, Mundu Bat eta Cuidem Lluçanes eragileak eta Beterri Burutzako Plataforma Herritarrak hartuko dute parte. Palmera Montero Gunean izango dira jardunaldiak, 16:30tatik aurrera.
Jardunaldiek OlatuKoop sareak urte osoan zehar egindako lanari amaiera emango diotela azaldu dute elkarteko kideek. Izan ere, azken hilabeteotan emakume etorkinekin eta haiekin ukondoz-ukondo lanean jarduten duten eragileekin lanean aritu dira, euren errealitatea ezagutzeko; tailer eta elkarrizketa sakonak egin dituzte. Bilkura horietan bildutako informazio guztiarekin ikerketa sendoa egin dutela jakinarazi dute.
“Jardunaldiek helburu gisa dute zaintza lanetan aritzen diren emakume migranteen egoeraren inguruko ikuspuntuak eztabaidatzea, baina baita ere egoera konplexu honen aurrean aliantza eta konplizitateak sortzea”, diote antolatzaileek. Horregatik, ikerketa aurkeztu ondoren, eztabaidarako tartea izango da.
Herritar oro gonbidatu dute jardunaldietan parte hartzera, baina bereziki prozesu guztian zehar parte hartu duten emakume eta eragileei luzatu diete deialdia.