[Galeria] Euri zaparradekin hasiera eman diote Arrantzale Egunari
Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, hilaren 10eko ekitaldiei ekin diete, tartean, EKT-k antolatutako Bidasoaldeko kuadrillen arteko jokoei.
2019. urteko Arrantzale Egunari hasiera eman diote hondarribiarrek gaur goizean. Hainbat ekitaldi izango dira egun osoan zehar herriko txoko ezberdinetan. Hala, goizeko meza nagusiaz, deskargaz eta hiriko bandera udaletxera itzultzeaz gain, Bidasoaldeko kuadrillen arteko jokoak egin dituzte Euskal Kultur Taldearen (EKT) eskutik.
Euri zaparradek ez dute gehiegi lagundu eta parte hartzea nahiko eskasa izan da. Hala eta guztiz ere, Joxeja Zabalo elkarteko kidea itxaropentsu agertu da eta goiza igaro ahala gazteak hurbiltzen joatea espero du.
Kateshi Kitanoren Humor Amarillo telesailaren antzera, puzgarri bat muntatu dute txosnagunean. Garaiz salto egin ezean, bueltaka ari diren bi barren kontra egiteko arriskua dute parte hartzaileek.
Honez gain, aurreikusitakoaren arabera, erraldoiak eta buruhandiak, sokamuturra San Pedro kalean, adinekoen eta gazteen bazkariak, elektropatxaranga eta beste hainbat jarduera izango dira gaur, egun eta gauez.