Bitan egin diote eraso Muarari azken egunetan
Muara Elkartea abuztuaren 25tik 26rako gauean, eta hilaren 7an (larunbatean) eraso dutela salatu du Hondarribiko EH Bilduk.
Hondarribiko EH Bilduk jakinarazi du Muara elkarteak bi eraso izan dituela azken egunetan. Zehazki, lehena abuztuaren 25etik 26rako gauean izan zen, bigarrena hilaren 7an (larunbatean), “eraso faxistak berriz ere jasan ditugu”.
Elkartearen kanpoaldeko mastak eta bertan zeuden banderak lapurtu egin zituzten ezezagunek. “Egindako kalet materialen izaera faxista salatu nahi dugu. Alde batetik, adierazpen askatasunaren kontrako erasoa delako, eta bestetik, beldurra sorrarazi nahi dutelako. Inpunitatea salatu nahi dugu, faxisten inpunitatea”.
Ez da lehen aldia Muarak erasoa jasaten duela. 2018ko irailekoan, erasotzaileetako bat identifikatu, epaitu eta kondenatua izan zen: “Espainiako Armadako kidea zen, Hondarribiko komandantzian zegoena, eta erasorako Espainiako Armadaren ibilgailua erabili zuten”. EH Bilduk ondorioztatu du gertatu berri diren erasoak izaera berekoak izan daitezkeela, “horregatik eskatzen diogu Hondarribiko Udalari eta indar politikoei erasoak salatzea”.
Hein berean, Udaltzaingoan jarritako salaketaz harago, udalari eskatu diote auzian akusazio partikular gisara aurkeztea, “askatasunaren aurkako eta Hondarribiko hiritar guztien kontrako erasoak baitira”.