Oihana Etxebarrieta: "Hunkituta gaude. Behingoagatik festaren inguruan hitz egitea tokatu zaigu"
Inoizko jendetsuena izan da Jaizkibel konpainiaren aurtengo desfilea. Erreakzio ugari eragin ditu gaurkoak, irakurri hemen guztiak.
Mugarria izan da Jaizkibel konpainiaren gaurko desfilea. Inoiz baino jende gehiagok hartu du parte; orotara, 850 inguru izan dira. Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, babes handia sumatu dute ibilbide osoan zehar, bereziki Kale Nagusian. Lepo beteta esnatu dira gaur herriko espaloiak.
Konpainiaren balorazioa oso positiboa izan da. “Oso-oso hunkituta gaude, Kale Nagusikoa oso ederra izan da. Behingoagatik esan ahal izan dugu gure musika entzun dugula, inolako arazorik gabe pausuz gora eta behera egin dugula, ikaragarria izan da”, adierazi du kapitain Oihana Etxebarrietak.
Udaletxearen atarian alderdi, sindikatu eta erakundeetako zenbait ordezkari izan dira, askotarikoak. Horien artean, Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Xabier Ezeizabarrena, (EAJ), Denis Itxaso (PSE-EE), Ahal Duguko kide ugari eta Ararteko zein Emakundeko ordezkaritza zabala aurki zitekeen. Aurrerago egin diete harrera Abotsanitzeko kideek, elizaren atarian zehazki. Eta denek espero bezala, Hondarribiko alkatea ez da bertan izan.
Desfilea amaitu ostean, adierazpenak egin dituzte Saindua inguruan.
Erreakzioak:
Oihana Etxebarrieta (Jaizkibel konpainiako kapitaina): Egia esan, balorazio oso positiboa egiten dugu. Behingoagatik festaren inguruan hitz egitea tokatzen zaigu, uste dut horrek dagoeneko puntu eta aparte bat sortu dezakeela orain arte egin izan ditugun balorazio guztietan. Oso-oso hunkituta gaude, kale nagusia oso ederra izan da, benetan esker beroenak eman nahi dizkiegu babestera etorri diren guztiei, gure bidea gauza eder-eder bat izatea egin baitute. Behingoagatik esan ahal izatea gure musika entzun dugula, inolako arazorik gabe pausuz gora eta behera egin dugula, ikaragarria da. Hori zen nahi genuena eta espero dugu honek puntu eta aparte bat sortuko duela hemendik aurrera egin beharreko lanean. Elkarrizketari heltzen diogu berriz ere, irailaren 9tik aurrera lan asko daukagu egiteko, eta uste dut gaurkoa ikusita badauzkagula beste modu batzuk aurrera egin ahal izateko. Guk elkarrizketaren bideari eusten diogu. Amaitzeko, gehitu nahiko genuke orain arte inoiz eman ez dugun mezu batekin: zorionak Hondarribiko herriari, bere egun garrantzitsuan. Gaur festa egiteko eguna da, elkarrekin ospatzekoa, uste dut gu norabide horretan gaudela dagoeneko, eta benetan oso pozik gaude. Zorionak herritar guztiei, baita ere gu ikustera etorri diren guztiei Lanean jarraitzeko izugarrizko indarra eman digute gaurkoan.
Igor Enparan (Abotsanitz): Egun berezia dugu hondarribiar guztiok gaur. Eguraldi kaskarrarekin hasi dugu, baina nola ez, ilusioz beteta. Gozatzea opa diogu jende guztiari, bai hondarribiar eta baita ere bisitatu diguten guztiei. Espero dugu jai giro paregabean bizitzea gaurko eguna. Aurreko urtearekin alderatuta, alde handia nabaritzen dugu. Lasaiagoa izan da gaurkoa, ilusio gehiago ikusten dugu, jai giro handiagoa. Pozik gaude, horrela jarrai dezala egun guztiak.
Juan Karlos Izagirre (EH Bilduko batzarkidea): Lehenik, egun oso polita dela nabarmendu nahi dut, eta zoriondu nahi ditut hondarribiar guztiak, beraien egun handia baita. Eta gaurkoan bereziki Jaizkibel konpainia zoriondu behar da, berdintasunaren alde eta emakumeen eskubideen alde urtetan eta urtetan egiten duen lanarengatik . Gozatzeko eguna da, hala baldin bada ere ez dugu ahaztu behar oraindik Jaizkibel konpainiak aparte desfilatu duela. Gainera, oraindik ikusten da batzuek ez dutela onartzen berdintasunean desfilatzea, eta keinu itsusi batzuk ikusi ditugu aurten ere. Intentsitatea baxuagoa izan da, baina horrela izan da. Nik uste oso positiboa dela adibidez, udaletxe honetan alderdi guztiek sinatutakoa, azken finean esaten baitute elkarrizketa dela tresna. Halere, hori da gauza bat, eta gero kalean ikusten duzuna beste bat da. Oraindik zer hobetu asko dago. Alkatearen, diputatu nagusiaren eta lehendakariaren jarrerak ez du asko aportatzen. Eta instituzioek zerbait egin behar badute herritarren eskubideak bermatzea da, eta kasu honetan ez da egiten. Orduan, elkarrizketa bai, baina emakumeen eskubideen defentsan oinarritutakoak, berdintasunaren alde lanean. Amaitzeko, zoriontzeaz gain, eskerrak eman Jaizkibel konpainiari eta berdintasunaren alde lan egiten duten pertsona guztiei. Gozatu dezatela gaurko egun handia hondarribiar guztiek, gu ere asmo berberarekin etorri gara.
Denis Itxaso (PSE-EEko Kultura diputatua): Urtero etortzen gara bai Hondarribira eta baita Irunera ere. Azkenean festa bat dago hemen, eta azkenean emakumeek erakusten dutena da berdintasun maila batean parte hartu ahal izateko grina edo nahi hori, hori babestera gatoz. Gainera, aurten, joan den urtearekin alderatuta, askoz ere lasaiago joan da. Nik uste dut ere lagundu duela neurri batean azken orduko akordio horrek. Errespetua eskatzen zen eta errespetua azkenean oinarrizko gutxieneko baldintza bat da gero elkarbizitza eraikitzeko. Hori da erronka, elkarbizitza eraikitzea. Gaur behintzat gauzak ondo joan dira, errespetuz, hortaz, gu pozik.