[Galeria] Txilibito doinuak entzun ahal izan dira Kale Nagusian
Inoiz izandako babes zabalena jaso du gaur Jaizkibel konpainiak; inoiz baino jende gehiago kalean, baita konpainian ere. Irribarrea nagusitu da Jaizkibelekoen aurpegietan.
Euriak ez du Jaizkibelen bidea etetea lortu. 800tik gora lagunek desfilatu dute gaur goizean Jaizkibel konpainian. Inoiz baino jende gehiago bildu du aurten Jaizkibelek, ez soilik bere tropan, baita espaloietan ere. Are gehiago, ia txisturik eta irainik entzun gabe, Jaizkibelen musika aditu ahal izan dan aurtengoan Kale Nagusian. Askoren malkoak irribarre bihurtu dira azkenean.
«Bidean ez dugu apenas txisturik entzun», azaldu du Uxoa Anduaga tenienteak, «Kale Nagusian bai txisturen bat eta oihuren bat izan dela eta Jaizkibelen aurkako kartelak eta pankartaren bat ere, baina orokorrean nahiko ondo». Kontent agertu da Jaizkibeleko kidea gaurko egunean egindako desfilearekin, nahiz eta argi esan duen oraindik ere ez dagoela normalizatua.
Bestalde, jasotako babesa izugarritzat jo Anduagak, «guztiz eskertzekoa», gaineratu du. Izan ere, Jaizkibeleri babesa adieraztera inoiz baino jende gehiago hurbildu da aurten. Zortziak jotzear zeudela Kale Nagusia igotzen hasi dira sostengua erakutsi nahi zuten herritarrak, eta kalea goitik behera bete dute. Denbora bat hartu die udaltzainei kalean lekua egitea Jaizkibel pasa ahal izateko.
Plastiko gutxi, kartel ugari
Betiko alardearen aldekoek plastiko beltzak janztea erabaki dute aurten, baita Jaizkibelen aurkako kartelak eta pankartak jartzea ere. Ildo horretan, Iaz hemen Jaizkibelen manifestazioak emakume bat iraindu zuen, Iaz hemen Jaizkibelen manifestazioak emakume bat erasotu zuen eta Herriaren iritzia errespetatu, Jaizkibel erasotzaile, politikariak konplize bezalako leloak irakur zitezkeen Kale Nagusian.
Jaizkibelen aldekoek bere aldetik hainbat mezu ere zabaldu dituzte, hala nola: Egingo dugula, lortzear gaudela edota Betiko maiteko zaituztegu, hatozte gurekin!.
Horiek horrela eta iaz gertatu zena kontuan izanda, nahiko era baketsuan egin ahal izan du bidea Jaizkibelek. Inoiz baino jende gehiago hurbildu da konpainia txalotzera, babesa adieraztera. Halaber, inoiz baino mediatikoagoa ere izan da desfilea, hamarnaka argazkilari, kamera operadore eta kazetari bildu dira kobertura emateko prest.