[Bideoa eta galeria] Lasaiagoa bai, baina badago lana
Ez da iazkoa izan, lasaiagoa izan da. Erakundeek emandako errespetu mezuek eragina izan dute. Jaizkibelekoek jai egin ahal izan dute.
Behingoagatik, eta iazkoa ikusita, Jaizkibel konpainiako kideek Hondarribiko jaietako egun handiaz gozatu dute. Guadalupeko Amararen Eguneko protagonista izan dira, jaiaren erdigunea hartu dute, eta jarraitzaileek txilibituekin, danbor hotsekin, kantinerarekin, konpainiako haur eta gazteekin gozatu dute. Iazkoaren alderik ez du izan Jaizkibelek aurten. Jarraitzaileek gozatu duten moduan, konpainia osatu duten 830 kideek (askogatik, gaurko alardeko konpainia jendetsuena izan da) harro, pozik, hunkituta, irribarre zabalarekin desfilatu dute. Baina badago lana egiteko.
Gaurko egunaren aurretik erakundeetatik emandako mezuek eragina izan dute. Batetik, errespetua aipatu dute; bestetik, lasaitasuna. Eta hirugarrenik, eta batez ere, elkarrizketarako nahia. Baina horretarako, derrigorrezkoa da hitz egin nahi izatea. Eta horrek guztiak, antza, gaurkoan eragina izan du, eta Kale Nagusian, Jaizkibelen aldekoak eta konpainia baztertzaileen jarraitzaile sutsuenak biltzen diren tokian, ez da iazko istilurik izan; goizeko desfilean ez, behintzat. Mespretxu keinuak, plastiko beltzak (soinean jantzita, baten batek euriaz babesteko erabili du…), ezinikusiak izan dira; baina ez iazko giro petrala, txarra. Harresi inguruan, emakumeak soldadu bezala onartzen ez dituzten konpainietako kideek bizkarra eman diete Jaizkibelgoei. Lasaiago bai, baina normaltasunik ez.
Aste honetan hitz egindakoak ez daitezela intentzio keinu bezala gelditu. Elkarrizketaren bidearen alde egin dute, bazterketarik gabekoa izan dadin herriko jaietako egun handia.
12:00ak aldera, HITZAk Jaizkibelen bidea jarraitzen izan direnen erreakzioekin albistea egingo du. 14:00ak aldera, berriz, konpainiaren galeria zabala zabalduko du.