Iñigo Muguruza musikari irundarra zendu da
Urte luzez esklerosi anizkoitza pairatzen ibili ostean, gaur arratsaldean hil da baxu eta gitarra jotzaile ezaguna.
Iñigo Muguruza (Irun, 1964-2019) musikaria gaur zendu da. Azken urteetan esklerosi anizkoitza gaixotasunarekin borrokatu ostean, adio esan dio bizitzari. Arratsaldean hil zen baxu eta gitarra jotzaile ezaguna. Zer jotzen zuen baino, jotzen zuenak bere 30 urte pasako ibilbidean izan zuen garrantziagatik izan da ezaguna Iñigo Muguruza. Euskal Herriko musikagintzan aro berri bat ezarri zuen, bere taldekide, eta haren talde garaikideekin batera. Irungo Mosku musikaren eta gazteen mugimendu iraultzaile eta askeen mapan jarri zuenetakoa izan zen.
Ibilbide luzeko musikaria izan da. Desband, Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Lurra, eta Sagarroi izan ziren bere sorkuntzak zabaltzeko erabili zituen markak edo talde izenak, Hiru Leike azkena izan zelarik. Zalantzarik ez da Kortaturekin eta Negu Gorriak-ekin lortu zuela sona handiena, baina bera buru zituen taldeek (Joxe Ripiau, Lurra, Sagarroi, Hiru Leike) ere bereganatu zuten arreta, batez ere askotariko erritmo eta estiloak bermatzen eta defendatzen jakin zuelako, hardcoretik hasita, musika tropikaleraino.
Oholtza gainetik kanpo ere askotariko lanak egin zituen. Zine zuzendari, aktore eta idazle fazetak ere landu zituen; Kortaturen lehen maketaren azala eta diskoetako hainbat irudi hark egindakoak ziren. Azken urteetan, ordea, irakasle gisa aritu zen Irungo Udal Kontserbatorioan.
Musika ibilbidean, ia itzalpean egin zuen musika iraultza, bere hastapenetan batez ere. Ez zen frontman ageriko horietakoa. Batez ere Kortatun eta Negu Gorriak taldeen aroan esan daiteke bigarren lerroko borrokalaria zela, bazituelako taldekideak paper hori betetzen zutenak. Baina hor zegoen beti bere baxua, gitarra, ekarpena, nortasuna. Frontearen lehen lerroan, apal.
2018ko apirilean, Hiru Leike taldean ibilbidea hasi berri zuela, elkarrizketa egin zion HITZA-k. «Hil artean gaztetxeetan musika jotzen jarraituko dut», izan zen orduko hartan esan zuenetik hedabide honek hautatu zuen titulua. Gaztetxeak ziren bere musikaren agertoki faborito, «beti egon naiz botere gutxien daukatenekin». Eta musika pasio zuen, «musika egitea izan da nire bizitza, hortaz, ez dut ezagutzen besterik».