Eraso Sexistarik Gabeko Gunea ez du Emaginek kudeatuko
Aurten ere bertan izatekoa zen Emagin elkartea nahiz eta oraingoan, alardea indarkeria gisa landuko zutela adierazi dio udalari. Tokiko gobernuak atzera egin du eskaerarekin.
Indarkeria sexista prebenitzeko eta identifikatzeko informazio zerbitzua ematen du Emagin elkarteak Eraso Sexistarik Gabeko Guneetan. Jaietan jarri ohi dute espazio hori eta gaztetxoei batez ere zuzenduta dago. Iaz, Hondarribiko Jaietan izan ziren elkartekoak, baina aurten, aldiz, udalak eskaria atzera botatzea erabaki du. Izan ere, iaztik hona «autokritika» egin dutela adierazi dute elkarteko kideak beren webgunean argitaratutako oharrean, eta esandakoaren arabera, «ezin dugu indarkeria sexistaz hitz egin, jaietan, alardearen bueltan dagoen biolentziaz hitz egin gabe». Emaginek «babes osoa» adierazi nahi izan dio elkarteak Jaizkibel konpainiari.
Horiek horrela, aurten alardearen gaia landuko zutela adierazi diotenean Txomin Sagarzazu alkateari, Hondarribiko Udalaren ezetza jaso du elkarteak: «Guretzat ezinbestekoa da indarkeriaren egiturazko izaera lantzea».
Edonola ere, Emaginen ukoa eta gero, Maria Serrano Herritarrekin Harremanetarako zinegotziak adierazi du Eraso Sexistarik Gabeko Gunea izango dela aurreikusitako egun eta ordutegian. «Ez dugu uste alardea indarkeriaren ikuspuntutik landu behar denik, bizikidetzaren aldetik baizik», azaldu zu zinegotziak. Hala, Emaginekin bizitako desadostasunaren ondoren, egun gutxiren bueltan horretaz arduratuko den beste elkarte bat kontratatu zutela esan du.
Hala, elkarte berriarekin alardea gunetik kanpo gelditzen dela adierazi du, jarrera sexistekin «kontzientzia izateko» eta «arretaz egoteko» gunea izango dela esplikatu du, «eta zerbait gertatuz gero, erantzuteko jarrera eraginkorragoa izango dugu».