20.000tik gora edalontzi berrerabilgarri banatu dira txosnetan
Gaikako bilketarako puntu gehiago jartzeaz gain, garbiketarako langileen kopurua handitu dutela azaldu dute.
2019. urteko Hondarribiko Jaietako garbiketa zerbitzu berezia aurkeztu zuten atzo Txingudiko Zerbitzuak-eko (Txinzer) Valentin Gonzalezek, Herritarren harremanetarako zinegotzi Maria Serranok eta Zerbitzu eta obren zinegotzi Juan Mari Altunak. Agerraldian azaldutakoaren arabera, Hondarribiko Udalak, Txinzerrek eta txosnetako arduradunek indarrak batuko dituzte aurten «geroz eta jai garbiagoak eta jasangarriagoak lortzeko».
Hori horrela, 20.736 edalontzi berrerabilgarri banatu dituzte aurtengo jaietarako txosnetan. Iaz, 13.824 edalontzietatik 11.124 edalontzi erabili ziren eta aurten, «txosna kopuruak gora egin duenez» edalontzi kopurua handitzea erabaki dute. Sistema betikoa izango da. Edalontzia euro baten truke eskuratuko da, eta parranda edo jaiak amaituta dirua bueltan jasotzeko aukera egongo da.
Behin festak bukatuta, berrerabili ahal diren edalontziak garbiketa zerbitzu berezia eskaintzen duen enpresa batera bideratuko ditu Txinzerrek. Prozesua burututa, beste ekitaldiren baterako prest egongo dira edalontziak.
Bilketa guneak
«Hondakin kopurua murrizteko eta birziklapena errazteko neurriak hartu dira aurten», adierazi dute udaletik. Hori dela eta, hondakinen gaikako bilketarako gune gehiago jarri dituzte aurten, 15 denera. Kokapenaren arabera, egunean hainbatetan hustea aurreikusi dute.
Ildo horretan, lehen orduan pasatzen diren brigada bereziak beira eta plastikozko ontziak jasoko dituztela gogora ekarri zuten. Neurria «oso eraginkorra» izan zela iaz onartu zuten arduradunek, «aurreko urteko jaietan 1.540kg jaso baitziren».
Garbiketarako langile kopuruari dagokionez, hori ere handitu dutela azaldu dute eta «egun erabakigarrietan 30 behargin izatera irits daitezkeela esan dute.
Bukatzeko. herritar ororen kolaborazioa eskatu dute bai udalak, bai Txinzerrek ere. Izan ere, garbiketa zerbitzu bereziek eguneroko ohiko aurrekontuaren %58ko igoera suposatzen dute. Hau da, egun arruntetan aurreikusitako 2.524 euroei 1.477 euro gehitzen dizkiote.