Zonbi eta euskal mitologiako pertsonaiek hiria bereganatuko dute
'Mari y el akelarre maldito' rol joko erraldoia sortu berri du Ondare Kultur Elkarteak. 'Survival Zombies' joko famatuari ukitu euskalduna eman nahi izan diote.
Apokalipsi zonbiak eztanda egingo du Irunen datorren uztailaren 4an. Mari y el akelarre maldito rol joko erraldoia sortu berri du Ondare Kultur Elkarteak. ‘Survival Zombies’ joko famatuari ukitu euskalduna eman nahi izan diote; euskal mitologiako pertsonaiek ere hiriko kale eta txokoak bereganatuko dituzte.
Gaur aurkeztu dute jokoa Txemi Moreda sortzaileak, Ondare Elkarteko Iñigo Mangas presidenteak eta udaleko kultura saileko ordezkari Juncal Eizagirrek. Egileak azaldu duen bezala, partidari ekin aurretik, akelarre moduko bat irudikatu dute, bertaratutako bizilagunen gozamenerako. Orduan hasiko da jokoa, Mariren seme Mikelatsek akelarrea zapuzten duenean hain zuzen ere. Jokalari guztien helburua akelarre hori amaitzea izango da. Eta horretarako, «ginkana» moduko batean hartuko dute parte herritarrek, 13 proba ezberdinak gainditzeko asmoz. Bide horretan, euskal mitologiari lotutako pertsonaia eta istorioak aurkituko dituzte. Lamiak, basajaunak, Maju, galtzagorriak… Denek protagonismo handia izango dutela ziurtatu dute. Baina adi egon daitezela partaideak bidean zehar, dozenaka zonbiren eskuetan erortzeko arrisku handia izango baitute. Baten batek harrapatu ezkero, akabo jokoa.
Orotara, 350 partaide izango dira, elkarteko 100dik gora boluntarioez gain. Taldetan banatuko dituzte jokalariak, eta 23:00etatik 05:00ak bitarte etengabe korrika arituko dira. Izen emateak, 2020 apirilaren 1etik aurrera egin daitezke.
Xehetasun ugari eman arren, antolatzaileek ez dute informazio gehiegirik eman nahi izan. Sorpresa ugari izango direla diote, eta datozen hilabeteetan berri ugarirekin etorriko direla. Bitartean, bihartik aurrera abian izango den webgune honetan xehetasun gehiago eta pertsonaia guztien informazioa eskuratzeko aukera dago.