Ordutegia bere horretan mantendu eta lehen entsegua egin du Jaizkibelek
Alkatearekin bildu ondoren ostiralean egin zuen batzarra konpainiak eta ordutegia bere horretan mantentzeko erabakia hartu zuten. Bitartean, atzo ekin zioten lehen saioari.
Txomin Sagarzazu alkatearekin egindako bilera hizpide izan zuen Jaizkibel konpainiak ostiralean egindako batzarrean. Bertan, alkatearen hitzak aztertu eta erabaki argia hartu zuten: Segurtasun Sailak emandako ordutegiarekin aurrera egingo dute. Bitartean, lehenbiziko entseguari ekin zion atzo konpainiak eta gaur bigarrenaren txanda izango da.
Alarde egunean lasaitasuna bilatzen dutela adierazi du Izaskun Larruskain konpainiako kideak eta kapitain ohiak. Fokua Kale Nagusitik pixka bat aldentzea nahiko lukete eta beraz, ibilbide guztia sare sozialetan denon eskura jarriko dutela argitu du. Modu horretan, kanpotik datozenak edo sostengua adierazi nahi dutenak herriko beste puntu batzuetan egin dezaketela adierazi du. «Jendea disfrutatzera hurbiltzea» nahi dute, eta babesa erakutsi nahi izanez gero, «zapi koloredunarekin etortzea».
Zentzu horretan, sostengua bilatzeko kanpaina abiatu zuten orain dela egun gutxi sare sozialetan. Zapi koloreduna jantzita argazki bat atera eta #NiEreJaizkibelekin traola erabiliz konpainiari babesa adieraztea da helburua. Larruskainen arabera, jende dezentek erabili du dagoeneko hashtag-a. Hala, hilaren 8an «ezin badute Hondarribira etorri eta zerbait egin nahi badute», kanpainan parte har dezatela eskatu du.
Berdintasun saria
Nafarroako Skolae hezkuntza programak jasoko du 2019ko Hondarribia Berdintasun Hiria saria etzi, ostegunarekin. Aurtengoan gainera, Itsas Etxean egingo dute ekitaldia dagoeneko konpainiako kideak ez baitira Kultur Etxean kabitzen.
20:00etan ekingo dio konpainiak entseatzeari eta ordu erdi beranduago egingo dute sari banaketa. «Ekitaldi xumea izaten da, baina oso polita», onartu du kapitan ohiak. Era berean, ekitaldi irekia dela oroitarazi du kideak.