Musika eta irudia modu berezian uztartuko dituzte bihar Lakaxitan
Paxkal Irigoyenek musika jarriko dio 'Gure Sor Lekua' filmari. Ondoren, 'Uraren Oldea' musikal-bisuala eskainiko du Peru Galbetek.
Lakaxita gaztetxeak bi saio berezi antolatu ditu biharko (hilak 4). Musika eta irudia uztartzeko asmoz, kontzertu eta proiekzio bereziak egingo dituzte. 20:00etan ekingo diote biharkoari, eta sarrerak 5 euroan eskura daitezke.
Lehenik, Gure Sor Lekua euskarazko lehen filma proiektatuko dute, modu oso berezian gainera. Paxkal Irigoyen musikariak musika jarriko dio filmari, zuzenean. “Garai baten lekuko den dokumentalari soinu banda sortzerat dator Paxkal Irigoyen, irudiak isiltasunetik ateratzerat”, adierazi dute Lakaxitako kideek.
Bigarren saioan ordea, Uraren Oldea kontzertu musikal-bisuala eskainiko du Peru Galbetek. “Uholde batek harrapatutako familiako diapositiba zaharrak berreskuratu eta oinarritzat hartu ditu Peru Galbetek sentikari hau sortzeko”, diote biharkoa antolatu dutenek.