Bidasoako jokalariak prest "denboraldi ilusionagarriari" aurre egiteko
Atzo aurkeztu zituzten ofizialki talde guztiak. 400dik gora lagun bildu ziren Ficoban egindako ekitaldian.
Bidasoa eskubaloi taldeko jokalariak prest daude denboraldi berrirako. Aurtengoa, gainera, berezia izango da irundarrentzat, 25 urteren ondoren, Europara itzuliko baita taldea. “Urte zorrotz bezain ilusionagarria izango da”, adierazi zuen atzo Gurutz Aginagalde presidenteak Ficoban egindako aurkezpen ofizialean. Zaleak gogoz daudela antzeman zen atzokoan, 400dik gora lagun bildu baitziren.
Banan-banan, kategoria guztietako taldeak aurkeztu zituzten. Tartean, entrenatzaile, jokalari ohi eta 1995an Europako Kopa irabazi zuten Nenad Perunicic eta Tomas Svensson izan ziren. Gainera, azken urteotan taldearen zuzendaritza gidatu duten lagunek ere hitza hartu zuten.
Mutilen lehen taldeak datorren ostiralean (hilak 6) ekingo dio denboraldi berriari, Ademar-Leonen aurka (20:30). Partida, Leonen izango da.