Jaietako bazkarietarako txartelak bihartik aurrera eskura daitezke
Bihar adinekoen bazkarikoak banatuko dituzte eta etzitik aurrera aldiz, gazteenak.
Ohikoa den moduan 2019ko Hondarribiko Jaietako gazte bazkaria zein adinekoen omenezkoa antolatu ditu udalak irailaren 10ean eta 11n, hurrenez hurren. Jakitera eman dutenez, adinekoen bazkarirako txartelak bihar eta etzi banatuko dira eta debalde izango da, baldintza bakarrak 65 urtetik gorakoak izatea eta herrian erroldatua egotea dira.
Baldintza horiek betetzen dituzten herritarrak hurbildu ahal izango dira txartel bila, NAN erakutsita ticketa jasoz. 10:00etan lehen txanda finkatu dute eta 11:00etan bigarrena.
Gazteen bazkariari dagokionez, asteazkenetik ostiralera bitartean salduko dira Javier Ugarte kaleko Gazte Bulegoan, 18:30etik 20:00etara. Txartelen prezioa 18 euroan finkatu dute.