Green Valley, aurtengo Irun Zuzenean jaialdiaren kartel buru
Hilaren 27 eta 28an musikak Urdanibia plaza hartuko du.
Irun Zuzenean jaialdia motorrak berotzen hasi da. Irungo Udaleko Kultura sailak jakinarazi berri duenez, datorren hilaren 27 eta 28an musikaz beteko dute Urdanibia plaza.
Oraindik zenbait talde konfirmatzeke dauden arren, dagoeneko jaialdiaren buru izango den taldearen berri eman dute. Green Valley reggae talde ezagunak emango dio hasiera aurtengo jaialdiari. Hilaren 27an igoko dira oholtza gainera, 22:00etatik aurrera. Aurretik, hiriko Ras Miguel & Tafari Band taldeak kontzertua eskainiko du.
Aurtengo sanmartzialetan jotzeko talde bozkatuena izan zen arren, agenda arazo kontuengatik bertan behera utzi behar izan zuen Green Valleyk Irungo kontzertua. Hortaz, gogoz geratu ziren irundar guztiek aukera izango dute hilabete amaieran zuzenean ikusteko.
Udaletik jakinarazi dutenez, datozen egunetan informazio gehiago emango dute. Jakin bezain laster, HITZAk egitarau osoaren berri emango du.