"Denak itsasora begira"
Igandean jokatuko da Kontxako Banderaren estropada erabakigarria; «oso kontent» agertu dira klubetik orain arte eskuratutako emaitzekin.
Hondarribiko Arraun Elkarteko traineruak aritu dira asteburuan Kontxako Banderaren lehen txandan. Emakumeen boteak bosgarren postua lortu zuen, eta gizonenak aldiz, lehenbizikoa. «Oso ondo aritu zirela» baloratu du Edorta Kanpandegi elkarteko kideak. Hurrengo igandean zer gertatzen den jakin bitartean, «denak itsasora begira» daudela gaineratu du.
Emakumeen kasuan, sailkapenean emaitza hobetzea da igandeko helburua. «Borrokatu zuten ziabogan huts egin arren, ondo aritu ziren» adierazi du Kanpandegik. Laugarren, bosgarren edo seigarren postuan amaitzea aurreikusten zuten, beraz, kontent eta itxaropentsu daudela onartu du: «Ea hurrengo igandean denbora pixka bat hobetzen dugun». Sailkapena hobetzeko borrokatzea da beraz helburua. Izan ere, iaz ez zuten Kontxako Banderarako txartelik lortu eta kolpe handia izan zela onartu du elkartekideak.
Aipatutakoaz gain, liga amaierarekin batera kanporaketa estropada jokatuko dute eta sentsazio onarekin bukatu nahi dutela Kontxa azaldu du: «Estropada polit bat egin indarrak hartzeko eta play off hori behar den bezala jokatzeko».
Gizonen trainerua bere aldetik faboritoetako bat zela onartu du hondarribiarrak, Orio, Santurtzi eta haien artean lehia oso parekatua egongo zela. Egindako denborarekin pozik agertu den arren, argi esan du lortutako errenta ez dela erabakigarria izango. Hala, psikologikoki topera egonda ere, norberak bere lana ondo egin behar duela nabarmendu du.
Amaitzeko, 2013an gertatu bezala, Hondarribiko Alarde Egunak Kontxako Banderaren azken estropadarekin bat egingo du aurten berriz ere. Urte hartan Hondarribiak eraman zuen lehen saria eta aurten ere «ahalegin guztiak» egingo dituztela adierazi du kideak.