Hondarribiko harresia gainditzerainoko jauziak
Maikel Melero freestyleko munduko txapeldunak erakustaldia eskainiko du igandean, Greg Rowbottomekin batera.
Maikel Melero freestyleko munduko txapeldun espainiarrak eta Greg Rowbottom britaniarrak euren motoekin hegan egingo dute igandean Hondarribian, jaien atariko programaren barruan. Zezen Plaza pareko harresietan erakustaldia egingo dute, 19:00etan hasita. Lehen aldia da udalak freestyle erakustaldia antolatzen duena, eta, nolabait, aurreko urteetan programatutako dirtjump eta biketrial saioak ordezkatzera datoz. Bizikletekin gozatzen zutenek berdin-berdin egingo dutela Melero eta Rowbottom pilotuen jauzi ezinezkoekin.
Freestyleko historiako piloturik sarituena da Melero. Albacetekoa bost aldiz izan da diziplinako munduko txapeldun, 2014tik 2018ra elkarren segidan, bostak Yamaha markarekin. Rowbottom, aldiz, Husquarna motoarekin lehiatzen da, eta hainbat garaipen ditu Espainiako Kopan eta bestelako nazioarteko lehietan.
Harresietako zelaietan prestatuko duten arranpei esker, 22 metro luze eta 11 metro altuerako jauziak egingo dituzte batak zein besteak, jauzi bakoitzean akrobazia ezin zailagoak gauzatuz.
Erakustaldiaren aurretik, haurren lasterketak egingo dituzte, Molto erako motoarekin hurbiltzen diren lau urte arteko haurren artean. 18:00etan irekiko dute haurren lasterketan parte hartzeko izena.