Urtebete elkarlaneko borrokan
Ekintza solidario batekin ospatuko du Irungo Harrera Sareak bere lehen urteurrena. Oraindik ere migratzaile asko kalean geratzen ari direla salatu dute.
Bihar, urtebete beteko da Irungo herritarrek euren kabuz hirira iritsitako migratzaileei laguntza ematen eta harrera egiten hasi zirenetik. Irungo Harrera Sarea osatu zuten hamarka bizilagunek orduan, migratzaileen fluxua zeharo handitzen hasi baitzen. Erakundeen aldetik babesik gabe geratu ziren ehunka lagun, kalean. Halere, Lakaxitan osatutako harrera gunean bigarren etxebizitza bat aurkitu zuten denek.
Lakaxitan eguna eta gaua pasatzen hasi zirenetik gauzak dezente aldatu dira. Negutik, ordea, eta nola ez, sarearen lanari esker, Martindozenea aterpetxean egiten dute egunerokoa hirira iritsitakoek. Bertan, garai batean Lakaxitan egiten zuten bezala, otordua jasotzeko, garbitzeko eta lo egiteko aukera ematen diete. Halere, bertan soilik bost egun igarotzeko aukera dute. Beraz, geldialditxo horren ostean gehienek Frantziako Estatura jauzia egiteko apustua egiten du, bereziki Santiago zubitik muga politikoa zeharkatuta.
Iazko udararekin alderatuta, aurtengoa lasaiagoa izaten ari dela azaldu du Amaia Oca sareko kideak. «Iaz, egunero 50-60 bat iristen baziren, aurten egun batean 30 iritsi daitezke, baina hurrengoan inor ez, eta hurrengoan beste bost». Egoera aldatu den arren, migratzaileentzako oraindik ere boluntarioen lana beharrezkoa izaten ari da. Sarearen presioari esker oinarrizko beharrak lortu dituzten arren, egun bestelako beharrak asetu gabe jarraitzen dutela ziurtatu du, bereziki informazioaren eskubidea. «Irunera iristen direnean ez dakite ezer ere, gehienek ez dakite Frantziara iritsi diren ala hemen jarraitzen duten». Gainera, hirian eskura dituzten azpiegituren berri ere sareko boluntarioek eman behar izaten dietela zehaztu du Ocak.
Lehen harrera hori egin ostean, Martindozenearako bidea erakusten diete migratzaile guztiei. Gainera, autobus geltokian eurek jarritako hiriko mapak oraindik ere zutik jarraitzen du, eta San Juan plazako gunera zein aterpetxerako bidea seinaleztatzen duten oinak hiriko kaleetan barrena ikus daitezke, haiek gidatzen dituzte migratzaileak.
Iaz Irundik igarotako gehienek Espainiako hegoaldetik Europa iparralderako bidea hartzeko asmoa zuten, baina azken bi hilabeteotan «profil berri» bat iristen hasi dela kontatu du Ocak. «Espainiara sartu berriak ez diren asko iristen ari dira, Europatik bueltaka ibili direnak».
Profil hori betetzen dutenek, gainera, are eta oztopo gehiago aurkitzen dituzte Irunen. Aterpetxea soilik Espainiatik sartu eta iritsitakoek erabiltzeko eskubidea dutela dio, eta hortaz, jende asko kalean geratzen ari dela. «Martindozeneako bitartekoa erabiltzeko baldintza guzti horiek lausotzea exijitzen diogu udalari, aldundiari eta Jaurlaritzari». 60 ohetatik askotan soilik hamar erabiltzen direla salatu dute sareko kideek.
Kalean geratzen diren horiei guztiei laguntza ematea izaten da sareko boluntarioen ondorengo zeregina. Donostia, Tolosa edo Errenteria-Oreretako bitartekoetara bideratzen saiatzen dira, eta kasu batzuetan, hirian bertan duin lo egiteko lokal edo lekuren bat bilatzea. «Behar-beharrezkoa bada saiatzen gara inor kalean ez geratzea». Hala, 2019aren hasieratik, gauez aritu diren gautxoriek 1.375 lagun jaso dituzte; 946 laguni eman diete arropa eta 787 migratzailek harrera jaso dute San Juan plazako gunean.
Iaz era masiboan egin zuten bezalaxe, azken asteotan ere arropa bilketarekin jarraitzeko deialdia egin dute saretik. Oraingoan, motxilak, aterkiak, zirak (S-M tailakoak), biserak, eguzkitako betaurrekoak, galtza luzeak eta oinetakoak (41-46 tailakoak) behar dituzte. Egun, Kale Nagusian duten lokal batean gordetzen dute herritarrek emandako arropa guztia, biltegi ikaragarria dute bertan. «Eskaera bat egiten dugun bakoitzean beti sekulako erantzuna jasotzen dugu, izugarria da herritarren laguntza».
Azken bi hilabeteotan iristen ari diren asko, Frantziako Poliziak mugako alde honetan ilegalki utzitakoak direla nabarmendu du Ocak. Sareak bezala, gizarte eragile askok salatu dituzte Frantziako Poliziaren gehiegikeri eta ustelkeriak. Joan den astean, adibidez, SOS Arrazakeria-k salatu zuen poliziak Hendaiako Erretentzio Zentroan giltzaperatutako Nigeriako bi emakume Irunen utzi zituztela. Gainera, sexu esplotazio salerosketa baten biktimak zirela diote elkartetik, eta Baionako epaileak haien askatasuna agindu zuela. «Hori ez da kasu isolatua, horrelakoak asko eman dira. Tokea eman zietenetik saiatu dira gauzak txukunago egiten, baina jakina da Frantziako Poliziak inpunitate osoz egiten dituela horrelakoak», dio, amorruz, Ocak.
Gosari solidarioa
Sareko kideek egindako lehen gosari solidarioaren urteurrena beteko da bihar. Udalaren aldetik laguntzarik gabe geratu zirenekin batera gosari solidario zein aldarrikatzailea egin zuten herriko zenbait lagunek. Urtebete elkarlanean eta borrokan daudela ospatuko dute, orain arte bezala, beharra duten horiei laguntzen. 11:00etan bilduko dira, eta herritar orori luzatu diote bertaratzeko gonbita. Jakiak eraman nahi dituztenek, hori egiteko aukera dute.
isaiz@hitza.eus